Bretxaren ingurua urbanizatzeko lanak onartu ditu udalak
Eneko Goia alkateak adierazi du Bretxako hirigintza proiektua "azken txanpara" iristen ari dela.
Donostiako Udalak Bretxa merkatuko eta inguruko lanak bukatzeko urbanizazio lanen bigarren fasea onartu du. “Barruko lanak erritmo onean doaz, eta, orain, inguruaren urbanizazioa egingo dugu”, azaldu du Goiak.
Bigarren fase honen barruan, proiektuak hiru jarduera independente ditu. Lehenik, Iñigo kaleko eta Aldamar kaleko zoladurak hobetuko dituzte. Bigarrenik, Iñigo kaleko eta San Juan kaleko elementuak –altzariak eta beste– berrezarriko dituzte. Eta hirugarrenik, Bretxa plazan hainbat hobekuntza egingo dituzte.
Udalaren ustez, Baika enpresa emakidadunak egin behar dituen gutxieneko obrak lehen eta hirugarren jarduketak dira, baina ez bigarrena. Era berean, udalak ordaindu behar duen jarduketa bakarra lehena dela kontsideratzen du (898.228 euro). Hirugarrenaren aurrekontua, berriz, 150.654 eurokoa da.