Zuekin azken-azkena... eta nahi beste gehiago
Zaila da agur esatea. Berdin du agur esateko unea iritsi den, eta erabakia ondo pentsatua izan den. Atzean uzten dira posibilitate berriak, ezagutzen ez zenituen aukerak. Bizitza osoa da erabakitzea, eta aukera berriak behin eta berriz galtzea. Baina agur esaten jakin behar da. Bide berriek ekarri ditzaketenen esperantzarekin.
Ez naiz inoiz izan bereziki Skakeitanen zalea, baina nire bizitzaren parte garrantzitsua izan direnik ezin uka. Hiri triste honi soinu banda jarri dion gutxienetako bat izan da Skakeitan; belaunaldi baten ikur.
Larunbatekoa hori izan zen. Belaunaldi oso bat batuta, pozaren pozez, taldeak urte guztietan eskainitakoa esker onez itzultzen saiatzen. Eta, noski, luxu guztiekin: DJ miau, Kiliki, Hofe, Juantxo, Juanjo, X Sakara, Sara Zozaya, Martin, Fulana, Donostiako Piratak… Akaso ahaztuko zait norbait, baina jendea igo eta jaitsi eta festa bat benetako festa izatea lortzen denean, oroitzapenak aukeratzen joan behar zara. Hainbat egun sartzen direlako gau bakarrean.
Luxuen zerrendarekin jarraituz eta galdetzen badidate, Olatz? Erregina bat. Haize sekzioa? Hiriko dibertigarriena. Bateria eta baxuan? Julen eta Axi, behin ere gaizki erori gabe. Borjaren gitarrak? Elegantzia adibide. Eta, bueno, eta Pello su artifizialen gau oso bat baino energia gehiagorekin, jendea olatu bihurtu eta surfeatzen ikasi duen malabarista. Abesten hasi aurretik publikora salto egiten ikusi dudan lehen abeslaria. Denak batuta, dream-teama.
Kanta zahar-zaharrak jo zituzten ere –2008ko Amara Berriko jaietan, Atabalen jo zituzten horietako batzuk–, eta gauak goia jo zuen “Bataplan, su eman” berriz ere abestuz. Nik ez diot inori esango zeri abestu eta zeri ez; baina hiri puta honen ikur zaharkituei, noizbehinka bada ere, egin behar zaie oihu. Eta ez bakarrik nerabetan.
Musika jotzen duenak izan dezake asmo bat edo beste, baina sentitzen dena norberaren barruan dago, eta ondoko lagunaren begietan. Aspaldi ez nituela kontzertu batean horrenbeste irribarre eta malko ikusten aldi berean. Hori lortzea musikaz harago dagoen zerbait da. Ez naiz inoiz izan bereziki Skakeitan zalea, baina orain banaiz. Musikaren espektakuluaz gain, lagunekiko maitasuna ere badelako.