Argazki Bat Behelainoan proiektuaren 2008tik 2011ra bitarteko uzta
Egiako Arkaitz Artola Arnaiz musikariaren egitasmoa da Argazki Bat Behelainoan. 2020an Lo izeneko lana argitaratu ostean, 2008-2011ko uzta izeneko bilduma digitala plazaratu du. Urte horietan beste proiektu batzuentzat egindako zortzi abesti jaso ditu bilduman. Plataforma digitaletan eta artistaren Bandcamp atarian entzun dezakezue.
Esaterako, Zuriuneetan pieza 2009an sortu zuen Nagore Lozano Wendy argazkilariarekin Zestoako bainuetxearen inguruko erakusketa baterako. Aldiz, Hor Hago Kevin? abestiak 2010ean argitaratu zen izen bereko liburuaren aurkezpenetarako konposatu zuen, eta Hari Gara eta Zubi Gainean kantak 2011ko Bildu eta Amaiur koalizioen hauteskunde kanpainetarako egin zituen. Gainontzekoak horrelako proiektu bati lotu gabe argitaratu ziren.
Aipaturiko piezen musika, hitzak, grabaketa, nahasketa eta diseinua Artolak berak egin ditu. Halere, beste hainbat musikari eta lagun izan ditu alboan: Zuriñe Sarasola, Mikel Karton, Peru Isasi eta Ion Olano.