Euskal portuak, tradizioz berritzaileak

Euskal Itsas Museoak ekoitzitako Moilak. Tradizioz Berritzaileak erakusketak hainbat objekturen bitartez euskal portuen bilakaera eta garapena erakusten dute. Portuetako eguneroko bizitzan parte hartu duten piezak daude ikusgai, hala nola arrantza aparailuak, makinak, dokumentuak eta baita portuen bilakaeraren lekuko diren maketak, grabatuak, eskulturak, pieza arkeologikoak, filmak eta argazkiak ere.
Kultura, Nazioarteko Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, Maria Jose Telleriak; Euskal Itsas Museoko zuzendaria den Xabier Alberdik; eta Xabier Querejetak, Gordailuako etnografia teknikariak; Moilak. Tradizioz Berritzaileak aldi baterako erakusketa aurkeztu dute gaur goizean Euskal Itsas Museoan eta 2024ko urtarrilaren 24ra arte doan bisitatu ahalko da.
Moilak, tradizio eta berrikuntza
Telleriaren hitzetan, “egun kale bihurtu diren moilak”, behinola “aireportu, plaza eta merkatu” izan ziren, kostako herrietako bihotzak: “Egun, portuak hustu eta hondartzara joan garen arren, bertan jasotako ondare kultural eta immateriala ezagutzeko aukera” ematen du erakusketak.
Alberdik ñabardura egin du; Donostiako portua albo batera utzi den arren, “itsasoaren mendekoak” gara egun: itsasotik datoz eta egunero kontsumitzen ditugun milaka eta milaka produktu.
Dirudienaren kontra, “portuen tradizioa berritzailea izan da” hamarkadaz hamarkada. “Itsasoan ibiltzea arriskua da: dirua eta bizitza arriskatzen dira bidaia bakoitzean. Horregatik portuek etengabeko berrikuntza eta modernizatzea bilatzen zuten”, azaldu du Alberdik.
Ikusgai dauden piezen artean, honakoak nabarmendu dituzte: San Juan ontziaren lehen modelo arkeologikoa, Getariako badian berreskuratutako kontrabandoko zilarrezko lingotea, 1813ko The Storming of San Sebastian grabatua, Yeregui gasolinazko motorraren estatuko lehen prototipoa, eta San Ignacio de Loyola, Espainiako lehen petrolio-ontziaren olio pintura; besteak beste.
Jarduera osagarriekin batera
Ohikoa den eran, erakusketarekin batera hainbat jarduerekin aurkeztu dituzte: bisita gidatuak aldez aurretik antolatuak, zein familientzat; Ontziratu Zaitez topaketak –lehena, martxoaren 29an Beatriz Herreresekin–; Moilaz Moila egitasmoa, Euskal Herriko beste portuetara irteerekin, besteak beste.
Nabarmentzekoa den azken jarduera Gordailura egingo dituzten bisita gidatuak izango dira. Bertan 6.000 pieza baino gehiago dituzte, eta horiei hurbilpena egiteko aukera egongo da. Lau bisita izango dira orotara: Martxoaren 31n, apirilaren2an, maiatzaren 19an eta ekainaren 9an.