Agur ostiraletako enkarteladei
Argentinako diktadurari aurre egin zioten Maiatzeko Plazako Amek bezala, Donostian euskal presoen senideak astero-astero atera dira kalera, euren eskubideen defentsan. Dispertsioaren aroa amaituta, ostiralero egin ohi zen mobilizazioa hileko azken ostiralera mugatuko dute. Argi dute, ordea: «Kalean egoten jarraituko dugu, denak etxean egon arte».
Paisaiaren parte izango balira bezala, ostiraletako enkarteladak ere badira hiriaren irudia. Irudiarekin batera, melodia bat: Kitaro japoniarraren Caravansaray liturgiko, moderno eta epikoa. Parte Zaharretik abiatuta, Erdialdetik bira eginez, euskal presoen senideek hiria hartu dute azken 30 urteotan, ostiralero-ostiralero.
Garaiak aldatu direla-eta, mobilizazioa egokitzeko unea iritsi dela iritzi dute Etxeratek eta Sarek. Hala kontatu dute Josune Dorronsorok eta Gurutz Sanzberrok. Azken hilabeteotan emandako eztabaidaren ondorioa izan da hau. Erabakia ez da erraza izan, baina hartu dute: amaitu dira orain arte ezagutu ditugun enkarteladak.
Enkarteladen sorrera, Donostian
Dorronsorok ongi oroitzen du: «Donostian sortu zen enkarteladaren formatu hau, eta gerora zabaldu zen Euskal Herri osora. Ordura arte, euskal presoak kartzela gutxi batzuetan zeuden, denak elkarrekin. Herrera de la Mancha zen horietako bat. Dispertsio politikarekin, ordea, Espainia eta Frantzia osoan zehar sakabanatu zituzten, talde txikietan».
Presoen eskubideak ukatzeaz gain, senideei «kondena bidegabe» bat ezarri zieten: «Milaka kilometro egitera behartuak geunden asteburuero, horrek ekarri duen min eta sufrimenduarekin». Presoen senideek protesta berria abiatu zuten, «sorreran egon ziren gehienak egun hilda daude, tamalez», oroitzen du.
Zera gaineratu du Sanzeberrok: «Senideen kontrako mendeku politika bat izan da dispertsioa. Dirutza eta sufrimendu gehigarria izateaz gain, asteburuero errepideetako arriskura irten behar zuten. Ezin dugu ahaztu hamasei lagunek bizia galdu dutela errepideetan, dispertsio politikaren ondorioz».
Gatazkak eta tentsioak
«30 urtetik gora, ostiralero-ostiralero, enkarteladak egiten… pentsa zenbat anekdota izan ditugun!», kontatzen du Dorronsorok. Maiz, gazitik gehiago, gozotik baino.
Gogora ekarri du, adibidez, behin baino gehiagoan izan zirela tentsio uneak. «ETAk atentatu bat egiten bazuen, egun horretan, bazegoen jendea gu insultatzen, hiltzaileak edo terroristak deitzen. Enkarteladakoek erantzuten zuten gu senideak ginela, besterik ez, baina une itsusiak bizitzen genituen».
Une gogorrak izaten ziren senideek istripuak izaten zituztenean, edota presoei zerbait gertatzen zitzaienean: «Espetxean norbait hiltzen zenean, guztioi eragiten gintuen».
Aste Nagusi batean, Baltasar Garzon epaileak Amnistiaren Batzordeek antolatutako egitaraua osorik debekatu zutela gogora ekarri du Dorronsorok, eta enkarteladaren kontra nola kargatu zuten oroitu du: «Ni saiatu nintzen azaltzen ostiralero egiten genuela, baina alferrik izan zen, buelta ematen ari ginenean gure kontra kargatu zuten».
Ostiralero mobilizazio berbera egitea nahiko ez, eta askotarikoak izan dira euskal presoen senideek egindako protestaldiak. San Sebastian eguneko bandera igoeran edota Zinemaldian egindakoak ekarri ditu gogora Dorronsorok.
Aro berri bat
Egun, Donostiako ia preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan daude, eta mobilizazioak aldatu beharra ikusten dute: «Azken urteotan gainbehera joan da mobilizazioa, batzuetan ez ginen 50 ere biltzen», azaldu du Dorronsorok: «Edonola ere, jarraitzeko beharra ikusten genuen, baina inolaz ere mobilizazioak bertan behera uztea: kalean jarraitu beharra dago».
Eztabaida «zaila» izan dela onartu dute: «Hainbeste urteren ostean, mobilizazio hau aldatzeak beldurra eragiten du eta».
Astero beharrean, hilabeteko azken ostiralean izango da enkartelada hemendik aurrera, eta 19:30era aurreratuko dute. Konpromisoak indartzeko, auzo bakoitza arduratuko da enkartelada horren antolaketaz: «Martxoan, Egiak hartuko du ardura. Ez du esan nahi Egiakoek bakarrik hartuko dutela parte, baizik eta beraiek arduratuko direla lanketa egiteaz, musika prestatzeaz eta abar».
Gaur izango da, beraz, preso donostiarren argazkiekin eta Kitarorekin batera, enkarteladan parte hartzeko azken aukera. Datorren ostiraletik aurrera, senideentzat aro berri bat hasiko delako: etxera bidea egiteko aroa.