Erregezaintza kaleko igogailua jartzeko proiektua berrabiarazi du udalak
Donostiako Udalak 2019an onartu zuen Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko lehen igogailuaren proiektua. Ordutik, lau urte inguru igaro direnean, udalak proiektua berrabiarazi du. Horretarako, Erregezaintza kaleko 62 metro koadroko lursail bat desjabetzeko prozesua abiatzea onartu zuten pasa den asteartean.
Aipaturiko lursaila 26. eta 28. zenbakietako jabeena da, eta horiekin negoziatu beharko du udalak. Izan ere, lehen igogailura sartzeko pasabidea egingo dute bi etxebizitza horiek alboan dituzten eskaileren hasieran. Goiko aldean, berriz, Heriz pasealekuarekin lotura egiteko beste pasabide bat eraikiko dute.
Eraikiko diren lau igogailuetatik lehena da Erregezaintza kalekoa, eta 52 metroko desnibela erraztuko du. 2019ko azaroan zehazturiko aurrekontua 935.123 eurokoa izan zen, eta lanak egiteko bost hilabeteko epea ezarri zuten.