Martutene auzoa hobetzeko elkartu dira
Pasa den astean, Martutene Bizirik plataformak deituta bilera informatiboa egin zuten Etxarriene gunean. 50 auzotar inguruk parte hartu zuten, eta plataformak bileraren balorazio positiboa egin du. Hedabide honi adierazi diotenez, auzoari buruz bildutako informazioa eta udalari egindako galderen erantzunak konpartitu zituzten.
Auzoaren beharrei erantzuteko lau lantalde sortu dituzte, eta lan egiteko prest agertu ziren hainbat herritar. “Bizilagunen iritziak ere entzun genituen eta oso larria iruditu zitzaigun Barkaiztegi inguruan bizi diren adineko jendearen egoera”, azaldu dute.
Horrez gain, plataformak jakinarazi du udalarekin ez duela harreman zuzenik: “Donostiako Udalak argi eta garbi utzi digu gurekin ez dutela hitz egingo, auzo elkartea ez garelako. Behin eta berriz errepikatu digute”.