Oihalaren atzeko Antzoki Zaharra, Amable Ariasen begietatik
'Amable Arias banbalinetan' erakusketa irekiko dute gaur San Telmo Museoan. Artistak 1950eko hamarkadan Antzoki Zaharrean marraztu zituen lanen bilduma bat erakutsiko dute.
Publikoarentzat ez da erraza izaten oihalaren atzealdean gertatzen dena ezagutzea. Hain zuzen, 24 urteko Amable Arias gazteak (Bembibre, Leon, Espainia, 1927 – Donostia, 1984) agertoki gaineko ikuskizunak erakusten ez duen intimitatea irudikatzea lortu zuen Donostian, Antzoki Zaharrean. Orain, garai horretan marraztutako obra ikusgai dago San Telmo museoan. 1955 eta 1959 urteen artean Antzoki Zaharrean egindako 79 marrazki eta akuarela bildu dituzte. Haren bikotekide Maru Rizok San Telmo Museoari dohaintzan emandako piezak dira. Artista hil zenetik, Rizok lan handia egin du haren obra zabaldu eta ezagutzera emateko.
Amable Arias eta bere gurasoak 1942an iritsi ziren Donostiara. 1951n, Ariasen amak, Pilar Yebrak, Antzoki Zaharreko arropazaindegian lanean hastea lortu zuen, eta, Amable Ariasek handik pasatzen ziren aktoreak, dantzariak eta bestelako pertsonaiak erretratatu zituen. Artelanez gain, garaiko zenbait artistek Ariasi sinatuta emandako argazki batzuk ere dohaintzaren parte dira, eta hauek ere ikus daitezke erakusketan (Antonio Machin edo Imperio Argentinarenak, besteak beste).
Artistak ordura arte ezagutu zuen munduarekin alderatuta (Leongo meatzaritza zona batean hazi zen), zeharo desberdina zen mundu bat topatu zuen han. Arratsalde asko pasatu zituen han. Giro askeagoa eta bere arau propioak zituen banbalina arteko mundu batean: vedette, aktore, zinemagile eta umoregileena. Gainera, Amable Ariasek ezohiko haurtzaroa izan zuen. 9 urterekin istripu larri bat izan zuen tren geltoki batean, Horren ondorioz, ebakuntza larri ugari egin behar izan zizkioten. Eta etxean sartuta egon zen urte luzez (hortik zetorkion bizitza guztian pairatu zuen herrentasuna). Beraz, Antzoki Zaharrean, artistak 24 urte zituenean, ordura arte ezagutu ez zuen mundu batean murgiltzeko aukera izan zuen. Berak eta garaiko jende gehienak ezagutzen ez zuen giro bat.
Mikel Lertxundi arte historialaria arduratu da bilduma honetako piezak dokumentatzeaz eta ikertzeaz, Maru Rizok gordetzen duen bilduma eta San Telmo Museoaren artean zubi lana egiteaz. Kontatu du artistak ez zuela kasik formakuntza akademikorik izan. Ascensio Martiarena izan zuen maisu, baina etxean sartuta egon behar izan zuenez, ez zuen aukerarik izan gehiago ikasteko. Eta denbora behar izan zuen konfiantza izan eta antzokiko artisten erretratuak egiten hasteko. 1951n hasi zitzaion amari laguntzen, baina 1953ra arte ez zuen ezer marraztu. Lertxundiren ustez, antzokian eroso sentitu ahal izateko figura garrantzitsua izan zen Ana Mari Vidaurre, Antzoki Zaharreko aretozaina.
Askotariko emanaldiak egiten ziren garaiko Antzoki Zaharrean: 1910 eta 1920ko zinema mutua, lauzpabost urteko atzerapenarekin iristen zen garaiko zinema, kontzertuak, antzerki klasikoa eta garaikidea eta ‘La Revista’ izeneko generoko ikuskizunak. Genero horretan collage bitxiak egiten ziren, umorezko sketchak, musika eta dantza nahastuz. Vedette-a izan ohi zen emanaldi hauetako izarra. Amable Ariasek, beraz, mota guztietako artistak erretratatu zituen: aktoreak, musikariak, zinemagileak, antzerkigileak, aktoreak, vedetteak… Besteak beste, Lina Morgan vedette espainiarra, 1957an, Mujeres odiosas ikuskizunarekin etorri zenean Donostiara. Antzoki Zaharrean egindako erretratuak dira gehienak, baina badago bat Viktoria Eugenian egindakoa, eta beste bat Plaza Berrian marraztutakoa.
Formakuntza urria izan bazuen ere, Lertxundik nabarmendu du berezko gaitasuna zuela detaile gutxirekin, trazu fin eta kolore freskoen bidez, mundu hura islatzeko. Gainera, Arias pobrea zen. Oso egoera ekonomiko zaila izan zuen bere familiak. Bere aitak tratu txarrak ematen zizkien amari eta Amableri, eta azkenean abandonatu egin zituen. Sekulako egoera ekonomiko txarrean utzi zituen. Hala eta guztiz ere, edozein paper erabilita ere, eta baliabiderik gabe, erretratu ederrak egin zituen. Aurpegirik ez zuen inoiz marraztu, ezaugarri fisonomikorik gabekoak dira guztiak, eta hala eta guztiz ere, ikusleak sumatzen du zen den erretratatuaren jarrera eta aldartea, eta aukera ematen dio ikusleari banbalina arteko mundu hori irudikatzeko. Artistei lapurtutako une intimoak, nekea zein atseden uneak, vedette eta dantzarien jantziak eta sentsualitatea… Batzuetan, banbalinetatik harago ere egiten zen, emanaldiren batean eserleku libreak geratzen zirenean, Amable Arias emanaldian geratzen zen, eta artisten mugimenduak ere erretratatu zituen marra azkar eta fin batzuen bidez. Artistez gain, Antzoki Zaharraren ikuspegi desberdinak eta langileak ere marraztu zituen: antzokiko jostunak, aretozainak, leihatilako langileak, baita antzokiaren sarrerako zein barrualdeko zenbait irudi ere.
Garai honetan hasi zen Amable Arias bere estilo propioa lantzen, eta Lertxundiren arabera, 60ko hamarkadan landu zituen margolanetan nabari da nabari da garai honek utzitako arrastoa. Gerora, garai honetan bizitakoari esker, ikuspegi kritikoagoa landu zuen bere obran. Lertxundiren ustez, Ariasen ibilbidean “fundazionala” izan da Antzoki Zaharra bilduma: «Geroago helduko zen haren izpiritu kritikoa falta du oraindik, baina antzokian izandako esperientzia horri esker lortu zuen, hain zuzen ere, zentzu kritiko hori». Etxetik atera gabe pasatu zuen denboran, idazteari, komikiak eta eleberriak irakurtzeari eta marrazteari emana egon zen, eta fantasiazko mundu bat eraiki zuen bere baitan. Antzoki Zaharreko barne munduak fantasiazko beste unibertso bat ekarri zion.
‘Amable Arias banbalinetan’ maiatzaren 28a arte izango da zabalik, laborategia aretoan, doako sarrerarekin, eta jarduera batzuk antolatu dituzte erakusketa osatzeko.