Tradizioaren itsusiena
XIX. mendean Donostiako karnabala ezagutzera etorri zen paristar batek hala esan omen zuen: «Donostia zoro herri bat da. Hiru egun horietan pertsona bat bakarra ezagutu dut benetan formala, hainbateko eromenaren erdian geldi eta serio: danbolinteroa». Seko aldatu dira gauzak ordutik, ezta?
Formala ez dena formaltzeko saiakera dirudite Donostiako zera sozial guztiek —ikusi besterik ez, haurren danborradaren inguruan doazen guraso ingeniari guztiak, «Filak! Filak!» eskatuz, rave batean baino irrika gehiagoz—.
Frankismoak eten zuen Donostiako hiriak zuen festa inprobisaturako joera, eta bihurtu zuen apur bat atzerakoi, apur bat aspergarri guztia. Aspergarritasun horren erdian, gutxi balitz, apur bat klasista ere bihurtu zen jaia: Ekialdeko auzoetatik datozen karrozei egiten zaien mespretxua horren lekuko —ez esan zuk ez duzula inoiz entzun txoni batzuk direla karrozetakoak, eta ez esan horrek ez duela zerikusirik kapital kulturalarekin eta kontu horrekin guztiarekin—.
Tradizioaren itsusiena gordetzen tematu direnen ondoan, aldarrika dezagun Donostia zoro herri gisara. Akaso formaltasun falta gustatu, eta hiri hau dibertigarriagoa eta askeagoa izango da urte osoan eta!