Morlans eta Anoeta arteko trenbidea estaltzeko aukerak aztertuko ditu ETSk
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, Errondo pasealekuko Morlans eta Anoeta arteko trenbidearen hiri integraziorako aukerak aztertuko ditu. Horretarako, azterlan baten idazketa adjudikatu dio Typsa enpresari 103.000 euroren truke. Sei hilabeteko epea izango dute azterketa hori egiteko.
Trenbidearen trazadura eta horrek hiri ingurunean duen eragina aztertuko dute, eta, hala badagokio, hirigunean hobeto integratzeko esku-hartzeak definituko dira: oinezkoen ibilbideak sortzea oinezkoentzat tokia irabaziz, ingurumen arloko neurriak, zarata xurgatzeko neurriak, egungo trenbideak kontserbatuz edo asmo handiagoko esku-hartzeak gauzatuz, eta trenbideak lurperatzea, estaltzea edo lekuz aldatzea, besteak beste.
Typsak trenbidea estaltzeko edo lurperatzeko dauden aukerak aztertuko ditu, zarata xurgatzeko elementuak ezartzeko aukerak, eta eraikuntza prozedurak, egikaritze fase bakoitzerako zehaztu beharko den trenbide zirkulazioaren gaineko eragina murrizteko. Ondoren, aukera bakoitzaren irizpide anitzeko balorazioa egingo dute, eta ondorio bat, egokiena gomendatuz.
Amara Berriko auzo elkarteak kanpaina bat abiatu zuen iazko martxoan Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko. Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain! lelopean, sinadura bilketa bat abiatu zuten. Oraindik sinatu daiteke auzo elkartearen webgunearen bidez zein amaravecinos@gmail.com helbide elektronikora idatzita.