Tradizioa mailu bat da (II)
Joxean Artze poeta usurbildarrak esana da: “Tradizioa zaharrik zaharrena izan arren, berririk berriena baino berriagoa da, inoiz zahartzen ez delako”. Arraunlarien antzera, atzera begiratu aurrera egiteko.
Tradizioak ez du zer ikusirik “hemen beti egin izan da” gisako ideiekin. Beti… noiztik? Gizakia ez da betidanik egon, eta ez da betirako egongo. Noizbait asmatutakoa da tradizioa, eta ideia horren indar guztia aprobetxatzeko, berriz ere asmatzea da tradizioa. Horregatik da berririk berriena. Añorgan sekula egin gabeko formatua tradizio bihurtu dute, beren barnetik asmatu dutelako dibertimentua.
Inauteri garaia, Euskal Herri osoan, Europa osoan, tradizioari lotuta ospatzen da inauste sasoia. Zuhaitzak biziberritzeko egiten den lanak, izurriteez babesten gaitu. Izurriteak, orain, gizakiak sortzen ditu, eta horiei aurre egiteko inausketak egin behar, irri eta dibertimendu forman.
Añorgakoek badakite, bai, euren buruaz irri egiten eta, noski, hiriko alkate agurgarriaz oroitzen. Bera ere urtean behin oroitzen da auzoaz: “Nabari da hauteskundeak gertu direla”.
Añorga-txikiko bizilagunak sardinen pare direla-eta, hauei jaramon gehiegirik ez egitea gomendatu du alkateak. AñorQatarrak izan dira baita ere dibertimenduan. Haien buru zen aurtengo giri. Eta, nola ez, Rezola epaileak epaiketa egin, eta erretzera kondenatu zuen, “auzoa turismora saltzeagatik”.
Antzerkia garrantzitsua da, bai, baina parte hartzea askoz ere gehiago. Herri izaera mantendu eta birsortzea da jaiaren papera, eta hor ere, Añorgakoak etxeko-lanak egiten fin-fin.
Izan ere, ETB 2k argi ondo erakusten digu euskaldunok subkultura bat garela gure herrian bertan. Kultura dominantetik ihes egingo duten espazio horiek indartzen gaituzte komunitate moduan; eta, hain zuzen, boteretik ihes egiten duen kontrakultura da gure kultura.
Tradizioaren ondare agorrezina erabili dezagun bada, orainari eta etorkizunari forma emateko. Tradizioa mailu bat delako.