Osasun publikoaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu du Olatu Txuriak
Larunbatean, hilaren 25ean, osasun sistema publikoaren aldeko manifestazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Donostiako martxa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.
ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, eta SME sindikatuek deitu dituzte mobilizazioak, osasun sistema publikoa “desegiten” ari direla salatzeko. Olatu Txuria herritarren mugimenduak ere bat egin du mobilizazioekin, eta larunbateko manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Sindikatuek nabarmendu dute Osakidetzak “egiturazko arazoak” dituela, eta “kategoria profesional eta lurralde guztietan” eragiten dutela. Prekarietatea, zerbitzuetako murrizketak, eta herritarren osasun arretan irisgarritasunaren eta kalitatearen galera salatu dituzte.