Beste arrakala handi bat eragin dute metroaren lanek, Zubieta kaleko eraikin batean
Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Zubieta kaleko 1E zenbakiko eraikinean eragindako “ezegonkortze estrukturalaren larritasuna” salatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Arrakalaren tamainak eraikinean eragindako desestabilizazioaren larritasuna erakusten du, etxearen egitura osoa obraren alderantz mugitu delarik: “Onartezina da Jaurlaritzak eta udal gobernuak halako kalteak jendaurrean isilpean gordetzea”.
Bestalde, hondartzaren azpian egiten ari den tunelaren zulaketa-frontea gaur egun Kontxako Pasealekuko arkupeetatik metro gutxira aurkitzen da eta datozen hilabeteetan Eraikuntza-Proiektuak puntu kritikotzat ematen duen inguru batean sartzera doala jakinarazi du Satorralaiak. Izan ere, prospekzio geofisikoen azterketan ohartarazten duenez, 2020ko ekainaren 5ean obran ezbehar larria eta metroaren lehenengo “zuloa” eragin zituen “substratu arrokatsuaren haustura berriro zeharkatuko da”, pasealekuaren alboan dagoen Rafael Muñoa kalearen inguruan, “eta horrek gertatutakoa errepikatzea ekar dezake”.
Lanak hasi zirenetik bost urte baino gehiago igaro direnean, Donostiako Metroaren eraikuntzan egiten ari den baliabide publikoen “xahuketa etengabea” eta obra hau Donostian sustatzen ari diren politika urbanistiko kaltegarrien baitan kokatzen dela salatzen du Satorralaiak