Ostalaritza elkarteak pertsona migranteen bidez egin nahi dio aurre lan-eskaerari
Atzerritar Lege berria dela-eta, "erraztasunak" izango dituzte pertsona migranteak kontratatzeko, eta honela, sektorearen lan-eskaera asetzeko.

Cebanc-ek eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak indarrak batu dituzte, eta hitzarmena sinatu dute “lurraldeko ostalaritza sektorea indartzen, posizionamendua hobetzen eta prestigioa ematen jarraitzeko”. Paloma Enriquezek eta Kino Martinezek hartu dute parte, hurrenez hurren Cebanc-eko zuzendariak eta Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak.
Honakoa da bi erakundeen arteko helburua: “Ahalik eta gehien ustiatu nahi ditugu gure erakundeen baliabideak: informazio transferentzietan, birziklapen profesionalean, eta baita beste herrialde batetik lehen aldiz lana bilatzera datozenen laneratze prozesuan ere”.
24.000 lanpostu, eta prekarietatea “mito”
Martinezek eman dituen datuen artean, egun, Gipuzkoan, ostalaritza sektorean aritzen den langile kopurua nabarmendu du: 24.204 lanpostu zuzen sortzen baitu sektoreak: “Urrutira joan gabe, 2022 urtean ostalaritzan 600 kontratu berri sinatu ziren, eta ostalaritza sektorea Gipuzkoako Barne Produktu Gordinari ekarpen handienetarikoa egiten dion sektoreen artean dago (BPGaren %4,8)”.
Prekarietateari egin dio erreferentzia, eta azaldu duenez, “prekarietatea desmitifikatzen” duten datuak dituzte: “Espainiako estatuko langileen %30ek egiten dute lan asteburutan”. Gaineratu duenez, sektore feminizatu bat da, langileen %52a emakumezkoa baita. Hori hala da, soldata arrakala eta kontziliazioa bermatzen dituelako, Martinezen esanetan.
Turismoaren hazkundean sektoreak duen garrantzia nabarmendu dute: “Kalitatezko turismoa erakartzeko Gipuzkoak duen aktibo nagusienetarikoa da. Izan ere, lurraldea bisitatzera etortzeko arrazoien artean dago eskaintza gastronomikoa”. Hiriari egiten dioten beste onuren artean, iaz Donostiako Udalak terraza tasa kontzeptuetan 1.600.000 euro jaso izana nabarmendu dute.
Atzerritartasun Legea
Prentsaurrekoa bukatu aurretik Palomak eta Kinok Atzerritartasun Lege Berriak ekarri dituen aldaketen inguruko hausnarketa egin dute, sektoreak ari de langileen %26 atzerritarrak direla kontuan hartuta egindako irakurketa. Kino Martinezen hitzetan, “lege berriarekin joko-arauak aldatu egin dira; orain errazagoa da bizileku edo lan baimenak lortzea. Horren eraginez, atzerriko langile hauek dokumentazioa araututa daukate eta kontratuak sinatzeko garaian ez daukagu aparteko arazorik”.
Paloma Enriquezek, bere aldetikk, adierazi du aldaketak onerako izan direla Ostalaritza Eskolan: “Orain, formazioa eskaintzeaz gain, gure atzerriko ikasleak lan-merkatuan txertatzeko erraztasun gehiago daukagu. Eta egoera honek, batez ere, ostalaritza sektoreari egiten dio mesede, sektorea indartzen eta prestigioa ematen ahalbideratzen duelako”.