Zaintza Demokratizatu egitasmoa sortu da, zaintzak erdigunean jartzea helburu duela
Zaintza Demokratizatu egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostian, “zaintzak benetan erdigunean jartzeko konpromiso sozial eta politikoa sortzea” helburu. Aldarrikapenen artean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Zaintzaren Euskal Sistema Publikoaren Lege baten beharrari buruzko akordio bat eskatu dute.
“Gure ustez, beharrezkoa da aldundiek elkarrekin eta koordinatuta lan egitea, Zaintzaren Euskal Sistema duina, unibertsala eta solidarioa izan dadin. Badakigu indarrean dagoen sistema hobetzeko apustuak ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela, eta hori ezinezkoa izango dela Zaintzako Euskal Zerbitzu Publiko baten oinarriak ezartzen dituen akordio sozio-politiko zabal bat gabe”, adierazi dute ordezkariek.
Ildo horretan, Zaintza Demokratizatu egitasmoak, lehen urratsak egiten dituenak, alderdi politikoen proposamenak ezagutzea eta tartean dauden herritarren testigantzak elkarrizketara ekartzea du helburu. “Euren iritziak zein diren eta eztabaidetan gai hau zergatik ez duten ateratzen jakiteko”, esan dute. Apirilaren 27an mahai-inguru bat egitea proposatu dute.
Zaintza Demokratizatu egitasmoaren jatorria Gipuzkoako Senideak da, adinekoen egoitzetako senideen kolektiboa. Horiekin batera, Malen Etxea, Irauli Zaintza, Zaintza Babesten eta 3 Z. izan dira manifestuaren sinatzaileak. Silvia Carrizo, Irene Coulon eta Xanti Ugarte izan dira aurkezleak.