Abortua eta elizaren sexu abusuak nahasten dituzten kartelak agertu dira, Askabide klinikaren ondoan
Amarako Askabide klinika inguruan agertu zen kartela atzo. Asko izan ziren asaldatu ziren bizilagunak. Eta ez zen gutxiagorako, Espainiako Apezpikuen Batzordeak sinatutako kartelak honela zioen eta: “Orain abortatzen baduzue, norekin joko dugu larrua bost edo sei urte barru?”.
Kartela iluntzean kendu zuten Promedios enpresako langileek, baina zalantza hor geratu da. Izan ere, ez da lehen aldia Donostian komunikazio gerrilla erabiltzen dena, boterearen mezuak birmoldatzeko, eta, nolabaiteko errealitate deserosoak azaleratzeko.
Abortuaren kontra bai, baina pederastiaren kontra ere bai?
Espainiako elizbarrutiak abortuaren kontra egiten duen kanpaina jarraitua ekarri behar da gogora. Azkena, otsailaren 9an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota baitzuen abortuaren legea moldatzeko PPren helegitea. Elizbarrutiak “egun triste” gisa izendatu zuen, eta abortuaren legearen kontra egin zuen, lege “ideologikoa, azientifikoa eta desberdintasuna sustatzen duena” delakoan.
Elizbarrutia, ordea, ez da horren gogorra izan pederastia kasuekin. Espainiako elizbarrutiak berak egindako ikerketen arabera, gutxienez, 4.000 dira elizgizonen sexu abusuak jasan dituzten adingabeak, eta horrelakoetan ez dira horren mezu sendoekin ateratzen karrikara.
Askabide klinika, ultra katolikoen jomugan
40 días por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) lelopean haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan kanpaina egiten hasi ziren atzo bertan, garizumarekin batera. Donostian ez ezik, Euskal Herrian eta Espainiako hainbat hiritan ere abortuaren aurkako “bijiliak” egiteko deia egin dute atzotik hasita apirilaren 2a arte. Orain arte, urtero elkartu izan dira Askabide klinikaren aurrean, eta urteak dira Askabidek jazarpena pairatzen duela. Ordea, Abortuaren lege berrituaren ondorioz, debekatuta dago klinika hauetako langileak eta kliniketara doazen emakumeei jazartzea. Legeak behartzen die gutxienez ehun metrora egitea protesta. Eta, oraingoan, talde ultra katolikokoak ez dira Askabideren aurrean geratu; Easo kalean agertu dira bi kide, abortatzeko eskubidearen aurkako mezuekin, eta hutsik dagoen La Caixaren bulegoaren ondoan geratu dira.
Iazko apirilean, Donostian, mobilizazio indartsua izan zen talde ultrakatolikoak eta eskuin muturreko hainbat taldek egindako elkarretaratzeen aurka. Izan ere, Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu zuten Amarako bizilagunek. ‘Rezar no es delito’ delako elkartea da antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus daiteke: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin. Abortua aitzakia gisa erabiltzen ari dira Donostian, zarata egin eta euren gorroto mezuak zabaltzeko.