Bera Bera Elxen aurka ariko da kopako final laurdenetan
Gaur eguerdian egin dute Espainiako Kopako zozketa, Malagan (Espainia). Izan ere, han jokatuko da kopako azken fasea –gogora dezagun iaz Donostian izan zela–. Bera Berak Elxen kontra jokatuko du final laurdenetan, apirilaren 21ean. Partida Malagako Martin Carpena kiroldegian izango da.
Elxen aurkako seigarren norgehiagoka izango da kopako azken fasean. Bera Berak horietako lau irabazi zituen eta bi galdu. “Partida parekatua izango da, aldaera eta aldaketa askorekin, eta azken txanpara hobekien iristen den taldeak lortuko du garaipena”, adierazi du Imanol Alvarez entrenatzaileak. June Loidi jokalariek ere esan du Elx “aurkari zaila” dela, baina taldea “gero eta indartsuago” ikusten duela.
Kanporaketa gaindituz gero, Donostiako taldeak Xixonen edo Atletico Guardesen aurka jokatuko du. Granollers eta Errioxa taldeek osatuko dute beste final laurdena.