EAJko Aitziber San Romanek "intrusismoa" egotzi die kalean bizi direnekin lan egiten duten boluntarioei
Gizarte Ekintzako zinegotziak EH Bilduk eta Ahal Duguk etxegabeekiko duten jarrera kritikatu du otsaileko osoko bilkuran.
Donostiako hotzaren protokoloa aldatzea proposatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, La Sirena aterpetxeko Ate Irekien Zerbitzua neguko gau guztietan ireki dezaten. Horrek eztabaida sortu du udal gobernuaren eta oposizioaren artean. Soilik PPk babestu du proposamena, eta kontra bozkatu dute EAJk eta PSE-EEk. Mozioak babestera hurbildu dira Hiritarron Harrera Sareko eta Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko kideak.
Eskaerari zorrotz erantzun dio udal gobernuak, Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanen bidez: “Egoera irregularrean dauden gazteak dira Ate Irekien Zerbitzura hurbiltzen direnak %95 dira. Badaude kalean haiek baino egoera zaurgarriagoan dauden etxegabeak. Horiek itxuraz ez zaizkio inori axola. Guri bai”. Adierazpen horiek aretoan zeuden eragileetako kideen haserrea eragin du, baita EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeetako ordezkariena ere.
Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak San Romanen hitzak gaitzetsi ditu, eta nabarmendu du udalak negu osoan irekita mantendu dezakeela Ate Irekien Zerbitzua, “horrela nahi izanez gero”. Ordea, udal gobernuak etxerik gabeko pertsonentzako zerbitzuak ez dituela hobetu nahi gaineratu du. Aldiz, Turismo bulego berria egiteko udalak 2 milioi bideratu izana kritikatu du: “Diru horrekin La Sirena hamar negutan ireki genezake, gutxienez”.
Polemikarako hitzak ondoren etorri dira, San Romanen erantzunen azken txanda hartu duenean. “Gero eta gehiago harritzen nau EH Bilduk eta Ahal Duguk intrusismoa defendatzea zerbitzu sozialetan. Laguntza horiek onura gisa hartzen dituzte, eta ez eskubide gisa”, adierazi du Gizarte Ekintzako zinegotziak. Bideo honetan ikus daiteke esandakoa, 4:36:47tik aurrera.
Horrekin batera, EH Bilduren jokabidea salatu du: “Tristura sortzen dit egiaztatzeak EH Bilduk eta ezker abertzaleak urtetan egin duena egiten jarraitzea. Hau da, pertsonen zorigaitzaz aprobetxatzea interes politikoengatik”.