Iñaki Gabarain izango da Donostiako PSE-EEren zerrendako bigarrena
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begira, Marisol Garmendia sozialisten alkategaiak Iñaki Gabarain fitxatu du independente gisa. Donostiako PSE-EEren zerrendako bigarrena izango da. Gabarain Amara Berriko Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria da 2009. urtetik. Literaktum jaialdiaren kudeatzailea izan da, eta Korner Festibalaren eta Poesialdiaren sustatzailea izan da, besteak beste.
Garmendiak Gabarain fitxatu du sozialisten hautagaitzan “Donostiako gizartearen aniztasuna ordezkatzen duen pertsona talde bat” izateko helburuarekin. “Donostiak jarduera eta politika berriak behar ditu, norabidea aldatzeko eta Donostia hiri erabat kosmopolita, integratzailea, eleaniztuna, irekia eta nazioartean proiektatua bihurtzeko. Jaialdiez gain, sormen energia asko aktibatu behar da, kultura gaztetu behar da eta hainbat esparrutatik hirirako lanean ari den jende guztia aktibatu behar da”, gaineratu du sozialisten alkategaiak.