Kubako gobernuak Xabier Artola ikertzaile donostiarrari Carlos J. Finlay Ordena eman dio
Xabier Artola Zubillaga Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileari (Donostia, 1957) Carlos J. Finlay 2022 Ordena eman berri dio Kubako Zientzia, Teknologia eta Ingurumen ministerioak. Kubak bertako eta atzerriko zientzialariei ematen dien kondekoraziorik gorena da sari hau.
Kubako gobernuak Xabier Artola HiTZ zentroko eta Ixa taldeko kideari Kubarekiko lankidetza zientifikoaren bi hamarkada baino gehiago aitortu dizkio, bereziki Santiago de Cubako Zientzia, Teknologia eta Ingurumen Ministerioaren Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroarekin (CLA, Centro de Lingüística Aplicada) egindakoa. Besteak beste, Xabier Artola doktoreak, Ixa taldeko beste ikertzaile batzuekin batera, azpiegitura konputazional bat garatu du Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroko ikertzaileekin batera. Azpiegitura hori funtsezkoa izan da Diccionario Básico Escolar hiztegiaren edizio elektronikoak eta inprimatuak lortzeko; hiztegia Eloina Miyares Bermudez eta Vitelio Ruiz Hernandez doktoreek sortua da, eta egun CLAk mantendu eta berritzen du. Xabier Artolak Kubako Santiagoko Udal Gobernuak ‘Bisitari Goraipatua’ saria jaso zuen 2005ean.
Artolak adierazi duenez “ohore handi bat da”, bai berarentzat eta baita EHUrentzat ere: “Kubako zentrokoen eta Ixakoen arteko lankidetza emankorra izan da urte hauetan, ikerkuntzan zein Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroak antolatzen dituen sinposioei dagokienez, eta etorkizunean ere hala izaten jarraitzea espero dugu”. Adierazi duenez, egun esku artean dituzten proiektuez gain, beste eremuetan zabalduko dituzte elkarlanak bi erakundeok, hala nola, hizkuntza-teknologien aplikazioa irakaskuntzan eta sare neuronaletan oinarritutako ikaste tekniken aplikazioa hizkuntzaren prozesamenduko hainbat arlotan, besteak beste.
Xabier Artola Zubillaga Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakaslea izan da, 1985etik. 2008tik aurrera, irakasle agregatua, eta 2022ko maiatzetik hona, jubilatu eta gero, ohorezko lankide akademiko gisa jarraitzen du unibertsitatearen barruan. Irakaskuntzari dagozkion lanak Informatika lizentziatura eta ingeniaritzetan egin ditu, eta orobat eman ditu eskolak hainbat master eta doktorego ikastarotan ere. Ikerkuntzari dagokionez, berriz, hizkuntzaren prozesamenduan diharduten Ixa taldean eta HiTZ hizkuntza-teknologiako zentroan ari da. Hizkuntzaren tratamendu automatikoaren arloan beti, eta batez ere morfologia eta lexikografia konputazionaletan, eta corpus-hizkuntzalaritzan.