"Leherketa kultural handi bat behar da Donostian"
Gauzak argi ditu Sara Azurza Eskisabel musikariak (Antigua, 1997). Musika ogibide izateko bidean, bere lehen lan luzea aurkeztu berri du: 'Hemen berriro'. Aldarrikapen moduan edo, heldu izateko prozesua izan da azken lan hau. Soularen eta musika beltzaren iturrietatik edanez, bere bidea urratzeko prest da orain, eta herriz herri aurkeztu nahi du bere musika.
Nolakoa izan da zure lehen lan luzea grabatzeko prozesua?
Disko hau erronka bat izan da. Aspaldi hasi nintzen musika idazten, txikia nintzenetik idazten dut. Hala ere, ez nekien zein punturaino nahi nuen bide honetatik joan edo ez. Hasi nintzenean banan-banan kantak kaleratzen, konfiantza hartzen hasi nintzen, eta momentu bat iritsi zen erabaki nuela baietz, jarraitu nahi nuela mundu honetan.
Disko hau heldu izateko prozesu baten emaitza dela esango nuke. Nire buruaz kontziente izateko bidearen emaitza da.
Zure buruarekin, ala musikari gisa?
Musikari gisa. Pertsona moduan ez dut hainbeste zalantzarik izan nor naizen. Musikari gisa bai, onarpen handiagoa behar izan dut; nik neure burua abeslari moduan ikusteko prozesu bat izan da hau.
Lehendik beste EP batzuk kaleratu dituzu.
Bai, nire ustez ez dira abesti txarrak, baina alde handia ikusten dut. EP-ak atera nituen eta listo, berdin zitzaidan zer gertatzen zen; ez zuten ondorengo lanketarik izan. Erromantikoagoa izan zen: egin eta hor utzi, inongo intentziorik gabe. Ez zegoen musikara dedikatzeko edo musikaz bizitzeko intentziorik. Honekin bai.
Musikaz bizitzeko nahia?
Nahia beti dago hor, edo ilusioa. Gertatuko den edo ez, ez dakit. Disko honekin bideak pixka bat ireki ditzaket. Maratoi baten moduan irudikatzen dut, kristoren bonba ateratzen ez baduzu behintzat.
Zergatik nahi duzu musikaz bizi?
Abestea gustatzen zaidalako. Munduan gehien gustatzen zaidana da. Aske sentitzen naiz abesten dudanean. Beste ezerk ez dit hori ematen. Hor badago galdera interesgarri bat: zein momentutan zikintzen den zure pasioa lana bihurtzen denean. Hor badago baita ere galdera existentzialago bat: musikaz bizi nahi dugu edo ondo bizi?
Zerk oztopatzen dizu orduan musikaz bizitzea?
Baldintza onik ez dagoela. Musika industriatik bertatik hasita dator arazoa; bertan dagoen jende askok ez du hau ogibide gisa ikusten. Nahiz eta disko bat atera, jendeak oraindik baldintza txarrak eskaintzen dizkizu kontzertu bat egiteko orduan eta abar. Ez dago babes bat, ez dago kontsolidatuta beste herrialde batzuetan dagoen moduan. Jendeak hobby moduan ikusten du askotan.
Hala delako batzuetan, ezta?
Bai, noski. Hobby izatetik jaio da nire kasuan ere. Diskoa argitaratu dugu, lan handia dago honen atzean, baina 300 euro eskaintzen dizkidate oraindik, eta horrek, askotan, ez du kubritzen ditudan gastuak. Badago puntu bat: zein punturaino jarraitu dezakezu borondatez egiten lan hau?
Musikaz bizi nahi izateak sormena mugatu dezake?
Bai, egia da. Prozesua nahiko itxita agertzen da: singlea argitaratu, bideoklipa, diskoa, bira…
Frustrazio itsusiak sortzen ditu. Beste lan batean ez da hau gertatzen: zure emozioak ez dituzu horrenbeste sartzen, zure autoestimua ez duzu horrenbeste inplikatzen. Horrelako bide batean, non zure abestiak zugandik datozen, zure barrutik, horrelako frustrazioek kalte bikoitza egiten dute. Eta badaude, asko! Uste duzu dena arrosa izango dela eta ez da horrela. Nire prozesu hau ere ez da horrela izan denbora guztian.
Zer da gehien frustratzen zaituena?
Hainbeste lan egin ondoren, behin eta berriz ateak jotzen jarraitu behar izatea, eta ezetzak jasotzea. Mingarria egiten da zure musikari ezetz esatea behin baino gehiagotan. Baietzak ere badatoz, noski, eta oso pozgarria da, baina ezetzak jasotzea zaila da, eta ikasi behar da jasaten.
Antolatzaileez ari zara?
Bai, eta oro har industrian dagoen jendeaz. Frustratuta sentitzen zara zure diskorako izugarrizko lana egin duzulako, gero, kanpotik ikusten ez dena…
Eta jendearen harreraren aldetik?
Tira, horrek ez nau hainbeste ukitzen. Pozik nago harrera ona izaten ari delako. Jendeak mezu mordoa bidali dit, eta ondo sartu dela iruditzen zait. Ez dit hainbeste eragiten jendeari gustatzen zaion edo ez, zeren bakoitzak bere gustuak ditu; niri ez zaizkit munduko talde guztiak gustatzen, eta hori onartzen dut [barrez]. Inor ez da etortzen esanez zure musika kaka zahar bat dela; ez bazaio gustatu ez du entzungo, eta kito.
Nola deskribatuko zenuke diskoa?
Polifazetikoa da. Abesti bakoitzean zerbait ezberdina probatzen saiatu naiz, baina esango nuke soula erreferentzia komuna dela guztietan. Ahotsak ematen dio identitate hori. Kanta bakoitzean burua irekitzen saiatu naiz, eta estiloetara moldatzen saiatu naiz. Musika beltza dago atzean, bai.
Erreferente zehatzik baduzu?
Egunero entzuten ditudan emakume britainiarrak hor daude: Adele, Amy Winehouse, Jorja Smith, Cleo Soul, Joy Crookes, Enny, Little Simz… Jazz musikariekin aritzen dira, eta hizkuntza hori duen arren, eskaintzen duten ikuspegi garaikidea da gustatzen zaidana.
Nola ikusten duzu hemen musika beltzaren tradizioa?
Ez dago ohitura handiegirik. Donostian bagaude hainbat emakume ildo horretan (Lide Hernando, Lidia Insausti…), baina ez da asko entzuten den estilo bat. Publiko hori gainera ez da oso gaztea. Ni ere pixka bat oldie izan naiz beti, nahiz eta gaztea izan [barrez].
Diskoa egitean, emaitza argi zenuen?
Bi gauzak gertatu dira; badira abestiak hasieratik argi nuena emaitza zein izatea nahi nuen, bai soinu aldetik, groove aldetik, erreferentzia aldetik, eta abar. Eta beste batzuk, berriz, esperimentalagoak izan dira grabatzerako orduan ere. «Ea zer ateratzen den eta gustatzen bazaigu, aurrera». Batzuk airezkoagoak izan dira, eta beste batzuk zorrotzagoak.
Zer behar du kanta batek zuretzat?
Gustatzen zaizkit lasaiak baina mugituak diren abestiak. Nire filtroa pasarazteko zerbait sentiarazi behar didate. Instintiboa da. Nire erreferentzia argi iritsi behar da. Ez dakit, momentuan ikusten da. Kanta on baterako melodietan jartzen dut arreta gehien; letretan ez hainbeste.
Eta zuk letrak egiterako orduan, nola egiten duzu?
Nireak izan behar dira, hori bai, baina horretaz gain ez naiz hain zorrotza.
Hasieran ez dakit zeri buruzkoa izango den. Askotan esan dut, baina letra bat idazterako garaian konturatzen naiz zertaz idatzi nahi dudan abestia; kantak egitea erreminta terapeutiko bat da, barrena husteko tresna bat. Saiatzen naiz leloari zerbait sartzen gogorarazteko modukoa, baina beste askorik ez.
Pertsonalak izan behar dute?
Gehienak niri buruzko gauzak dira, nire bizipenak. Baina Uste ustelak, adibidez, ez. Momentu horretan frustratzen ninduten gauzak ziren, baina ez ziren nigan zentratzen. Saiatzen naiz beti ez horrela izaten, astuna izan daiteke-eta.
Disko honekin, hortik urruntzen saiatu naiz: La lune ez da niri buruzkoa, ilargira joan nahi duen pertsona bat da, baina ez bihotza apurtu didatelako. Saiatu naiz gauza arinagoez hitz egiten, eta ez hain egozentrikoa izaten. Batzuetan apur bat iheskorrak dira jartzen ditudan esanahaiak, gustatzen zaidalako jendeak esanahi ezberdina eman ahal izatea letrei.
Kantek denbora asko daukate?
Batzuek bai. Beti aritu naiz musika idazten, eta ordenagailuan nituen batzuk errekuperatu ditut. Gauero kanta, adibidez, 2017an idatzi nuen. Filtroa pasatzea zaila izan da. Kanta batzuen zentzua aldatzen da, zu zeu ere aldatzen zoaz.
Nondik abiatzen zara kanta bat egiterakoan?
Batzuk oso inprobisatuak dira: Beranduegi, adibidez, entsegu batera goiz iritsi nintzen batean egin nuen, gitarraren gainean. Ahapeka kantatzen hasten naiz, askotan ingeles asmatu bat egiten dut, eta, gero, euskarara pasatzen saiatzen naiz. Batzuetan fonetikoki eta beste batzuetan esanahia moldatuz. Abesti bakoitzean prozesua ezberdina izan da.
Normalean kaletik noanean datoz ideiak, eta bestela, gauetan. Lokartu aurretik agertzen zait ideia askotan. Lokartzen ari naiz, eta ez dakit jaiki edo ez. Batzuetan jaiki eta grabatzen dut, eta besteetan bihar gogoratuko naizela pentsatzen dut… baina, bai zera! Ahaztu egiten zait!
Londresen egon zinen bizitzen, ezta?
Kultura eta sormen industrien inguruko master bat egitera joan nintzen. Urtebete egon nintzen bertan. Buru-belarri sartu nahi izan nuen bertako giroan, eta beste unibertsitate batean soul, jazz eta gospelen kantu ikastaro batean eman nuen izena. Oroitzapen oso ederra dut garai horretaz, baita sormenari dagokionez ere. Bizi nintzen etxean denok ginen oso sortzaileak: DJ mahai bat zegoen, instrumentu mordoa… Ekintzaile musikari gazteentzako programa batean sartu behar nintzen, baina pandemia iritsi zen, eta bertan behera geratu zen.
Eragin handia izan du zure ibilbidean, ezta?
Bai. Kontzertuetara joaten nintzen, eta nire estiloarekin bat egiten zuen ingurune bat topatu nuen. Sortzeko garaian nabari da. Elektronika gero eta gehiago entzun nuen bertan, eta, orain, gauza elektronikoagoak egin nahiko nituzke, soularekin nahastuz eta abar.
Zein da Donostiarekin ikusten duzun alderik handiena?
Ingurune bat sortzea. Kantuko klaseak ez nituen nik bakarrik hartzen, hamar lagun ginen. Denen artean egiten genuen. Hemen zailagoa da horrelako espazioak sortzea, jendearekin elkartzea, eta abar. Sareak behar dira musikarien artean. Kutxa Kultur Fundazioaren programan egon nintzen, eta hor, apur bat gehiago juntatu ginen, baina normalean jendea bere kaxara doa. Londresen naturalagoa ikusten nuen elkartzea.
Eta Donostian zer gertatzea gustatuko litzaizuke?
Izugarrizko leherketa kultural bat behar da Donostian. Musika sormenari eskainitako gune bat beharko genuke, eraikin bat, grabaketa gailuekin, entsegu lokalekin, lan egiteko aretoekin… Eta hiriko musikari guztiak bertan egotea. Niretzat horrelako zerbait kristorena izango zen; Londresen bazegoen, eta bat baino gehiago! Laguntza publikoak gutxi daude ere.
Sormena kolektiboagoa izateko ohitura naturalizatu beharko genuke. Londresen hala zela ikusten nuen, txikitatik ohituagoak daudelako. Argazkilaritza eta gisako diziplinak errotuagoak daude, baita hezkuntza publikoan ere; musika irakasgaia selektibitatean dago, adibidez.
Eñaut Gaztañagarekin batera ekoitzitako bederatzi kantu jaso ditu diskoan: Esaidazu, Uste ustela, Unexpected people, Hemen berriro, Thinking, Gauero, Beranduegi da, Ez ohildu, La lune. Horietatik bi dira ingelesez, eta bat frantsesez.
Sara Azurza 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste.
2018an, bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein. Euskarazko eta ingelesezko bost abestik osatzen dute diskoa, Iker Laurobak ekoitziak. Horiek pop generora hurbiltzen dira eta oso akustikoak eta lasaiak dira. Azken bi urteetan, Sara bere estiloaren bila ibili da Bartzelona, Montreal eta Londres artean. Abeslariak Ameriketako eta Ingalaterrako bakarlariak izan ditu beti erreferente, eta oraingoan proposamen berri batekin dator: abesti berriei ‘Soul’ kutsu handiagoa eman die.