Txuri Urdinek bosgarren postua mantentzea du helburu
Gizonezkoen izotz hockey ligako azken partida jokatuko du bihar Txuri Urdinek. Bosgarren postuan bukatzea izango dute jokoan Huarte nafarren kontra, Anoetako izotz jauregian (21:00). Izan ere, bi taldeen arteko aldea hiru puntukoa da, eta irabazten duenak eskuratuko du sailkapeneko bosgarren postu hori. Denboraldian zehar hobeto moldatu da etxean Donostiako taldea, eta, beraz, etxeko lan horiek behar bezala betetzen ahaleginduko dira.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipen boladari jarraipena eman nahi dio bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Cadi Lau Seu izango dute arerio, sailkapenean atzetik duten taldea. Horiek horrela, garrantzitsua izango da etxeko puntuei eustea. Araskiren kontra euskal derbi ona jokatu ondoren, konfiantzarekin daude Azu Muguruzaren neskak.
Futbolean, Realeko neskek atsedena izango dute, berriz ere, baina mutilek, ez. Celtaren kontra azken unean ihes egin zuten bi puntuak ahaztuta, Valentziaren kontra ariko dira bihar, Mestalla futbol zelaian (21:00). Txuri-urdinak hobeto moldatzen ari dira etxetik kanpo, bisitari gisa puntu gehien bildu dituen taldea izateraino. Egoera kaskarrean dagoen aurkaria izango dute parez pare, baina ezin dira sobera fidatu.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Txuri Urdin – Huarte (larunbata, 21:00).
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Cadi La Seu (larunbata, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Valentzia – Reala (larunbata, 21:00)