Osasungintza publikoaren aldeko manifestazio jendetsua egin dute
Donostian milaka herritarrek bat egin dute Osakidetzako sindikatuen deialdiarekin. Bulebarra txiki geratu da. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, osasungintza publikoaren alde inoiz egin diren mobilizazio handienak izan dira.
Osakidetzako langileak eta herritarrak kalera atera dira osasun sistema publikoa defendatzera. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere egin dituzte ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, eta SME sindikatuek deituriko manifestazioak.
Donostiako manifestazioa abiatu aurretik hitz egin dute sindikatuetako ordezkariek. “Batetik, Osakidetzako langile moduan etorri gara, nazkatuta gaudelako. Bestetik, erabiltzaile moduan etorri gara, herritarrekin batera. Kalitatezko zerbitzua bermatzea da eskatzen duguna”, adierazi du Maitena Larrañaga SATSEko ordezkariak eta erizainak. “Eusko Jaurlaritzari eta EAJri nahikoa dela esateko gaude hemen. Osasungintza publikoa pribatizatzen eta desegiten ari direla salatzeko”, gaineratu du LAB sindikatuko Eneko Pascualek. “Borondate politiko faltak eragindako arazoa da, eta ez diru kontu bat, Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuen moduan. Eta borondatea argia da, osasungintza pribatua indartzea”, ohartarazi du Igor Eizagirre ELAko ordezkariak.
Bulebarretik 12:00ak inguruan abiatu da martxa Osakidetza salba dezagun leloa zuen pankarta buru zela. Ordurako, jende asko zebilen kioskoaren inguruan. Osakidetzako sindikatuetako ordezkariekin eta langileekin batera, hainbat eragilek parte hartu dute manifestazioan euren aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Hala nola, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataformak, Onkologikoa Bizirik taldeak, Gipuzkoako pentsiodunek eta Olatu Txuria plataformak.
Hona hemen, Donostiako martxaren argazki bilduma: