Ostiraletako azken enkartelada
Etxeratek eta Sarek presoen senideak omendu dituzte Plaza Berrian, elkarretaratzea eta manifestazioa egitearekin batera.
Euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko enkarteladen aro bati bukaera eman zioten atzo. Ostiralero, 34 urtez, kalera atera dira presoen senideak eta lagunak. Dispertsioaren aroa bukatuta, ostiralero egin ohi izan den mobilizazioa hileko azken ostiralera mugatuko dute. Gainera, ordua aurreratzea erabaki dute, eta 19:30ean izango dira hileroko enkarteladak.
Horiek horrela, atzokoa berezia izan zen. Etxeratek eta Sarek aprobetxatu zuten presoen senideei omenaldia eskaintzeko Parte Zaharreko Plaza Berrian. Joseba Parron San Sebastian argazkilariak osaturiko irudi bilduma jarraian ikus dezakezue:
Bestalde, hauxe duzue atzo, ostiraleroko azken mobilizazioaren irakurri zuten oharra:
“Euskal presoen urruntzearen eta sakabanaketaren behin betiko amaieraren atarian gaude, 35 urte luzeren ondoren Espainiako espetxeak itxi direla iragarriko duen berri horren zain.
Presoak hobeto daude eta haien hurrekoak ere, eta, Euskal Herrian egonda, errazagoak dira haien espetxeko bizimodua hobetzeko izapideak. Egoera hau esfortzu eta lan handiaren emaitza da, eta, batetik, eragile politiko eta sozialen lan bateratuaren eta erakundeen erabakiei esker lortu da, baina, batez ere, Euskal Herriko herri eta auzoetako pertsona askoren lan nekaezinari eta euskal gizartearen mobilizazioari esker lortu da, noski.
Mobilizazioa eta lana ezinbestekoak izango dira hemendik aurrera ere, herri bakoitzean, auzo bakoitzean, etxerako bidearen amaieraraino iristeko eta aplikatzen jarraitzen den salbuespen-politika atzean uzteko.
Otsailean zehar berri on batzuk izan ditugu: hirugarren gradu berriak eman dira; hirugarren graduren bat berretsi da; baldintzapeko bi askatasun. Baina, berriro ere, kendu egin dira onetsitako bi gradu, Asier Karrerak eta Ainhoa Barbarinek Martuteneko espetxera bueltatu behar izan dira hain zuzen ere. Argi dugu hurrengo hilabeteetan gure aldarrikapen nagusienetako bat izango dela.
Horrez gainera, otsail honetan, gogoan izan nahi ditugu sakabanaketaren ondorioz errepideko istripuetan hildako 16 lagunak. Otxandiok orain dela 23 urte hil zen Ruben Garate oroitu du. Datorren asteartean 20 urte beteko dira Iñaki Balerdi eta Argi Iturralde lasartearrak errepidean hil zirenetik.
Urruntzearen amaierarekin, gure herriak bizi izan duen etapa latz bat itxiko dugu, eta beste bati ekingo diogu, etengabe aurrera egiteko asmoz. Aldatu egin dugu gure irudi nagusia. Orain ez du maparik, eta, geziei jarraituz, helburua da salbuespenaren amaieraren aldeko akordioak bilatzen jarraitzea, eta akordio horietan presoen eskubideak errespetatzearen alde dauden pertsona guztiak elkartzea.
Gure esku dago, beraz, hurrengo udaberrian lanean jarraitzea euskal presoei legedi arrunta aplika dakien eta gure herrian bizikidetzan aurrera egin dezagun, etorkizunera begira. Horretarako, mobilizatzen jarraitu behar dugu, etxerako bidean aurrerapausoak emateko”.