Udaletxea inguratu dute Añorga Txikiko auzotarrek
300 bat auzotarrek parte hartu dute Atxiki Añorga taldeak eta Añorgatxikitarrak auzo elkarteak antolaturiko giza katean.
Donostiako Udalak Añorga Txikin aurrera eraman nahi duen hirigintza proiektuaren kontra daude bizilagunak; batez ere, euren iritzia ez dutelako kontuan hartu. Hori dela eta, udaletxea inguratu dute gaur arratsaldean, giza baten bidez. Bi buelta eman dizkiote eraikinari, eta Bulebarrean ere itzulinguru bat egin dute. Txilibituekin txistuka eta zartagin hotsekin egin dute bidea.
Añorgako Geltokia azpieremuko hiri antolamenduko plan berezia onartzea aurreikusi du udalak. Horrela, 250 etxebizitza egitea aurreikusten dute. “Udalak auzoaren bizigarritasuna sakrifikatzen du, auzokideek planteatutako arazoak gutxietsiz, eta enpresa eraikitzaileak negozioa egiteko duen eskubidea lehenesten du”, salatu du Atxiki Añorgak.
Hirigintza proiektuak partaidetza prozesu bat aurreikusten zuen, eta prozesu horrekiko mesfidantza erakutsi zuten auzoko elkarteek eta eragileek: “Gustatuko litzaiguke udalak bizilagunekin zuen konpromisoa benetakoa izatea, eta gure beharrak eta alegazioak modu eraginkorrean kontuan hartu izana, proiektua egokituz. Nori eska diezaiokegu, bestela, gure beharrak eta eskubideak defenda ditzatela, gu garen hiriko biztanle garen aldetik?”.
Atxiki Añorgak kritikatu duenez, udalak ez du kontuan hartu hirigintza garapena lehendik bazegoen auzo baten barruan egongo dela: “Ondorioz, eremu komun mugatuak, mugikortasun eta aparkaleku arazoak eta bizi kalitatearen galera ekarriko du. Auzoak duela hamarkada batzuetatik hona eskatzen dituen etorkizuneko azpiegitura eta zerbitzuetarako ingurune horren zati bat erabiltzea ezinezkoa izango da”. Horregatik, hasieratik eskatu dute auzoari entzutea proiektua birpentsatu eta birdimentsionatzeko, Añorgaren ezaugarrietara, beharretara eta tamainara egokitzeko.