Loiolako Lorategi Hiriko lanek bi urte eta erdiko iraupena izango dute
Urbanizazio proiektua datozen asteetan onartzea aurreikusten du udalak. 16.846.619 euroko aurrekontua izango du.
Donostiako Udalak “argi berdea” eman dio Loiolako Lorategi Hiria birzatitzeko proiektuari. Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “gaur onarturiko izapidearekin Lorategi Hiria errealitate bihurtzeko azken urratsetako bat egin dugu. Beraz, laster, Loiola eta Loiolako Erribera lotzen dituen eremua birsortu ahal izango dugu”.
Lorategi Hiria 66.896 metro koadroko eremua da. Han 264 etxebizitza berri eraikiko dira (%40 babestuak), eta 6.000 metro koadro hirugarren sektoreko erabileretarako, ekipamenduetarako, kirol kantxetarako eta aparkaleku baterako erabiliko dira. Gainera, azaleraren %42 berdeguneetarako izango da. Bide berriak ere sortuko dira, gunea ingurunearekin lotzen laguntzeko.
“Etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hasteko, enpresa sustatzailea aurretiazko lanak egiten ari da”, azaldu du Goiak. Hain zuzen ere, lan horiek urtarrila hasieran hasi zituzten.