Partaidetzazko aurrekontuen prozesua abiatu du udalak
Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 20an irekiko dela adierazi du Eneko Goia alkateak.

Donostiako Udalak 2024-2025 urteetan egingo den partaidetzazko aurrekontuen prozesua abian jarri du. Lehenengo fasea atzo arratsaldean hasi zen, hiriko auzo elkarteekin egindako lehen bilera orokor batekin. Udalak prozesua aurkeztu eta aktibatu zuen, eta, datozen asteetan, auzo bakoitzeko bilerak egingo dira, herritar guztiei irekita.
Aurrerago abian jarriko diren faseetan, udalak auzoetarako eta hiri osorako egiten diren proposamenak jaso eta aztertuko ditu, eta ezarritako irizpideak betetzen badira, donostiarrek horiei buruzko botoa eman ahal izango dute, 2024 eta 2025. urteetarako aurrekontuen definizioan eragiteko.
“Partaidetzazko Aurrekontuen prozesu horri esker, herritarrek hiriaren eta auzoen beharriei buruz hausnartu ahal izango dute, baita hainbat esparrutan hobekuntzak proposatu ere. Horrela, herritarrek parte hartzeko ariketa honek Donostiako politika eta proiektu publikoak eraikitzeko gobernuaren ordezkaritza lana osatuko du”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Udalak aurrekontu zati zehatz bat erabiliko du 2024ko eta 2025eko ekitaldietan herritarrek aukeratutako proiektuetarako. Egun indarrean dagoen prozesurako, 3 milioi euro bideratu zituen udalak, eta 421.000 euro Ekialdeko Barrutiko proiektuetarako. Goiak aurreratu duenez, antzeko aurrekontua aurreikusten dute abiatu duten prozesurako.
“Lehen fase honen helburua prozesua ezagutaraztea eta auzotarrek dituzten beharrak eta proposamenak partekatzea izango da. Beharren inguruan lan egiten hasteko eta herritarren artean proposamenak partekatzeko, bilerak egingo dira hiriko auzoetan, auzokideen arteko harremanak sustatzeko eta ikuspuntu edo interes desberdinak biltzen dituzten proposamen osoagoak lortzeko”, azaldu du alkateak.
Auzoetako bileren egutegia
- Antigua, Aiete, Berio eta Ibaeta: Martxoaren 6an, Antigua-Luberri BHI ikastetxean (19:00).
- Añorga : Martxoaren 7an, Museum Cemento Rezolan (19:00).
- Zubieta: Martxoaren 8an, Kaxkape gunean (19:00).
- Amara Berri, Morlans eta Loiolako Erribera: Martxoaren 9an, Ernest Lluch Kultur Etxean (19:00).
- Parte Zaharra, Erdialdea eta Amara: Martxoaren 13an, udaletxeko osoko bilkuren aretoan (19:00).
- Gros, Egia eta Ulia: Martxoaren 14an, Okendo Kultur Etxean (19:00).
- Altza, Inxaurrondo eta Bidebieta: Martxoarem 15ean, Kontadores gunean (19:00).
- Loiola, Txomiñenea eta Martutene: Martxoaren 16an, Loiola Kultur Etxean (19:00).
Ondoren, herritarren proposamenak jasotzeko faseari ekingo zaio –martxoaren 20an irekiko dute epea–, proposamen horiek aztertu, argitaratu eta bozkatu egingo dira, hurrengo bi urteetako aurrekontuetan sartzeko.