EAJk prest dauka bere hauteskunde zerrenda

Gero eta gertuago daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeak, eta alderdi politikoak egun horretara begira daude dagoeneko. Hain zuzen ere, EAJk Donostian dituen bost batzokiek atzo (otsailak 28) onartu zuten jeltzaleek Donostiako udal hauteskundeetan aurkeztuko duten hautagaien zerrenda.
Izen berri batzuk badaude ere, egun EAJren zinegotziak direnek osatuko dute zerrenda. Hain justu, Eneko Goia egungo alkatea izango da burua, Nekane Arzallus bigarrena (egungo Hirigintza zinegotzia), Jon Insausti hirugarrena (egungo Kultura, Jaiak eta Euskara zinegotzia), Maria Jesus Idoeta laugarrena (egungo Auzoetako zinegotzia) eta Juan Ramon Viles bosgarrena (egungo Gobernantza zinegotzia). Nabarmentzekoa da Insaustiren postua, 2019ko udal hauteskundeetan zortzigarrena izan baitzen zerrendan.
Seigarren postutik aurrera, hautagai berriak eta egun zinegotziak direnak daude: seigarrena Olatz Yarza kazetaria izango da (egun, Arantxa Tapiaren komunikazio taldean dago), zazpigarrena Kerman Orbegozo Ogasuneko eta Finantzetako zinegotzia izango da, zortzigarrena Martin Ibabe Kiroletako eta Hiri Segurtasuneko zinegotzia, bederatzigarrena Ana Lopez, hamargarrena Idoia Gracia, hamaikarrena Iker Goiria eta hamabigarrena Silvia Enrique. 2019an, hamar zinegotzi lortu zituen EAJk, eta azken inkesten arabera, beste hamar lortuko ditu aurten.
Horrela, egungo hiru zinegotzi ez dira maiatzaren 28ko zerrendan egongo: Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotzia, Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Jaione Hervas zinegotzia.