Egian ere bizilagunak antolatzen hasi dira pisu turistikoei muga jartzeko
30 bat lagun bildu ziren atzo, Egiako Etxebizitza sindikatuak eta Egia Bizirik auzo elkarteak deituta, auzoan etxebizitza turistikoen gaiari aurre egiteko.
Haritik hirira kolektiboak urtarrilean plazaratutako “Airbnb efektua pandemia ostean. Donostiako kasua aztergai” dokumentua eta Egia Bizirik eta Egiako Etxebizitza Sindikatutik elkarrekin landutako egoeraren irakurketa eta proposamenaren zergatiak izan dituzte hizpide, hala nola, egoera horrek Egian bertan duen eraginaren inguruko auzokideen esperientziak.
Egiako bi bizilagunek euren esperientzia konpartitu zuten bertaratutakoekin. Batetik, pasa den udaran Maldatxo inguruko portal batean Pisu Turistiko Ilegal baten kontura “bizilagunek jasandako jazarpena, mehatxuak eta eraso zuzena” –salaketen ondoren jakin ahal izan zuten pisu ilegalaren jabeak, beste 20 pisu erregistratuak zituela alokairu turistikoko plataforman–.
Bestetik, Karmengo Ama kaleko bizilagun komunitate batean, pisu turistikoak debekatzeko egindako tramitazioa eta prozesuaren berri eman zuen auzokide batek. Bertan bildutako auzokideek beste hainbat portaletan ematen ari diren egoeren inguruko kezka mahai gaineratu zuten. Adibidez, Egia kaleko portale batean, dagoeneko bi pisu turistiko dituen komunitatean –”arazo etengabeak sortzen dituztenak”, bizilagunen esanetan– hirugarrengo bat ezartzeko prozesuan dira.
Bizilagunen Komunitateetatik Pisu Turistikoei muga jarri, eta debekatzeko gidaren nondik norakoak azaltzearekin batera Aurrera begira “nola antolatu?” galderari erantzun zioten. Egiako etxebizitza bulego herritarra sortuko dutela adierazi dute: “Bulego iraunkor bat izango du teila Fabrikan, bulego ibiltari bat, auzoko plazetan mugituko dena eta bulego birtual bat sareen bidez aholkularitza eskaintzeko”. Bulegoaren helburuak honakoak izango dira: informazioa zabaldu, aholkularitza eskaini eta bestetik, bizilagunei bide laguntza eskaini, etxebizitza arazoei aurre egiteko.
Aurrera begira, auzoan mobilizazio bat egitea aurreikusi dute bertan bildutakoak. Oraingoz, hurrengo zita badute: martxoaren 14ean, 19:00etan Teila Fabrikan.