Sorleku parkearen bukaerako planoa aurkeztuko die udalak auzotarrei
Marrutxipiko Dbusen garajearen azpian dagoen lursailean eraikiko dute Sorleku parkea, eta gaur bilera irekia egingo dute auzotarrek Zurriola Ikastolako Ategorrietako eraikin berrian (Atarizar 18), 19:00etan. Partaidetza prozesuaren emaitzak memoria batean jaso ziren, eta hauek plano batean definitu dituzte. Gaur, plano hori auzoan aurkeztu eta azken xehetasunak zehaztuko dituzte.
Proiektu hau 2017an hasi zuten Alubi elkarteko kideek, Kotxerasen ondoan erabiltzen ez zen lursailaren erdia jolas eremu bilakatzeko, eta urte bereko MartxUp! programa irabazi zuten. Parke honekin Zurriola Ikastolako 300 ume ingururi eta Intxaurrondo eta Ategorrietako umeei jolas eta natura eremu zabal bat eskaini nahi zieten. Eneko Goia alkateak eta Donostiako Udalak 2019an proiektu hori gorpuzteko konpromisoa hartu zuten, eta Kotxerasen hedapen lanak amaitzean hasiko zirela adierazi zuten.
Lan horiek amaituta, proiektuaren garatzaileek salatu zuten udala ez zela haiekin kontaktuan jarri parkearen eraikuntzarekin hasteko, eta prentsaren bidez jakin zuten 2021 urterako partida ekonomikorik ez zutela gorde.
Azkenean, 2021eko azaroan hasi zuen udalak Sorleku parkearen partaidetza prozesua, eta 2022ko otsailean, Alubi elkarteak proiektuaren bukaerako txostena aurkeztu zion Donostiako Udalari, parte hartze prozesu luze baten ondoren. Esteka honetan ikus dezakezue Sorleku parkearen sortze prozesuaren bideoa.