1936an eraildako 24 udal langileen memoria berreskuratzeko kereila kriminala aurkeztu dute
Donostiako Udalak "hiriko gehiengo politiko eta sozialaren babesarekin", auzitara eraman ditu kasu horiek, euren eskubideak urratu zituztelako.
Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Instrukzio epaitegian, frankismoak eraildako 24 udal langileen memoria berreskuratzeko kereila kriminala. Lehenik, aurkezpen ofiziala egin dute udaletxeko udal batzar aretoan.
Eneko Goia alkateak, Ane Oiarbide Eskubide Zibileko zinegotziak, Mikel Pascual eta Pilar Pingarron eragileen ordezkariek, Nekane Burutaran biktima horietako baten senitartekoak eta Aratz Estomba abokatuak parte hartu dute. Ondoren, Egiako Instrukzio epaitegira joan dira aipaturiko pertsonak, EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako udal zinegotzien ordezkaritza batekin.
Udalak 2022ko abuztuaren 2an erabaki zuen kereila bat jartzea Donostiako epaitegian, erregimen frankistak udaleko langileen eta kargu publikoen bizitzaren aurka egindako krimenengatik. Era berean, Aratz Estomba abokatuaren bulegoaren laguntza teknikoa kontratatu zuten. Eskuragarri dagoen informazio guztiak bildu ondoren, gaur 24 kasu horien inguruko kereila da aurkeztu dutena.
Hauek dira frankismoak eraildako 24 udal langileak: Angel Garcia Abalde, Ignacio Aramendi Laca, Jose Arrizabalaga Pildain, Miguel Artola Iraola, Miguel Aiestaran Giordia, Saturio Burutaran Ormazabal, Vicente Catediano Fernandez, Ignacio Maria Eguilegor Zugasti, Jose Maria Fernandez Jauregi, Fulgencio Frechilla Chico, Luis Iglesias Ansaño, Jose Isasa Azkue, Ceferino Martiarena Rekondo, Cirilo Navalon Ruiz, Paulino Peñalva Bartolome, Jose Perez Quintana, Toribio Simon Arruti, Domingo Sorondo Martinez, Jose Sorozabal Esnaola, Anastasio Tulebras Pascual, Jose Ugarte Sanchez, Ramon Ulacia Arkotxa, Millan Zabala Fernandez eta Jose Zubiarrain Zabaleta.
Beste pauso bat
“Kereila hau beste pauso bat da egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean”, adierazi du Eneko Goia alkateak. Donostiako udal funtzionario eta langile horien “eskubideak urratu egin zirela” gaineratu du, eta, haren ustez, Justizia gai izan beharko litzatekeela “haien ohorea eta izen ona lehengoratzeko bideak bilatzeko, baita bidegabekeria bat jasan zutela aitortzeko ere”. Horrekin batera, alkateak nabarmendu du kereilaren aurkezpenak “hiriko gehiengo politiko eta sozialaren babesa” jaso duela.
Aldiz, Ane Oiarbide Eskubide Zibileko zinegotziak adierazi du “betebehar morala dugula diktadura frankistaren izua jasan zutenei ohorea itzultzeko eta haien memoria berreskuratzeko”. Era berean, “fusilatu, espetxeratu, jazarri eta errepresaliatu egin zituzten, eta kitatzeko dauden zorrak kitatzeko garaia” dela nabarmendu du: “Hiri gisa, udal gisa, ezin dugu beste alde batera begira jarraitu, aitzitik, batzuek pasatzen utzi nahi duten garai bat gogoratu behar dugu, baita etapa hartako ondorioak bizi izan zituztenak gogoratu eta ohoratu ere”.
Saturio Burutaran erailaren senide Nekane Burutaranek ere hartu du hitza. Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialari eta udalari eskerrak ematearekin batera, hildako udal langile horiek “biziago” daudela esan du. Bestalde, memoriaren aldeko lanean diharduten elkarteen izenean bi pertsonak hitz egin dute: Mikel Pascual LABeko ordezkariak eta Pilar Pingarron Genozidioaren Biktimen Elkarteko kideak. Hilketak argitzea eta justizia egitea eskatu du Pascualek, eta elkarteek urtetan eskatu dutena bete dela. Hau da, udalak kereila bat aurkeztea. Bestalde, Pingarronek adierazi du kereila hau “abiapuntu” bat baino ez dela: “Milaka dira frankismoak Donostian errepresaliatu eta eraildako herritarrak. Asko desagertuta daude, eta horiei ere egin behar zaie aitortza”.
Azkenik, Aratz Estomba abokatuak hitz egin du. Bera eta bere taldea arduratu dira kereila prestatzeaz. “Udal batek zilegitasun osoa du horrelako kereila bat aurkezteko, udaleko langileen kontra egin zuen erregimen bati zuzendurikoa delako. Orain epaitegiari dagokio ikertzea gertaturikoa”, azaldu du Estombak. Horrekin batera, aitortu du kereilak aurrera egiteko zailtasun asko dituela, legediak “hainbat oztopo” dituelako. Besteak beste, atzeraezintasun printzipioa eta 1977ko amnistia. Horrela ere, aurrera egiteko “oinarriak” daudela gaineratu du.
Donostia 1936-1945
Donostiako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko elkarlanari esker, 36ko gerraren eta frankismoaren biktima izan ziren donostiarrei buruzko informazioa biltzen eta sistematizatzen hasi ziren 2017. urtean. Udalerritik kanpo ere errepresaliatu zituzten donostiarrei buruzko informazioa ere jasotzen ari dira. Lan horren emaitza da Donostia 1936-1945 proiektua, memoria historikoa berreskuratzeko eta garai hartan hirian eta donostiarren aurka gertatu zen giza eskubideen urraketen berri emateko. 2019ko apirilean aurkeztu zuten egitasmoaren webgunea.
2020an, Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialaren barruan, lantalde bat eratu zen, artxibo horietan udal langileen kasuak aztertzeko eta sailkatzeko, eta horietatik zein auzitara eraman zitekeen zehazteko. Lan horren emaitza gisa, txostenak aurkeztu ziren, eta horietan lantaldeak hautatutako 24 kasuren zerrenda jaso zen. Zerrenda horretan, urraketak jasan eta horien ondorioz hil ziren funtzionarioen eta udalbatzako kideen izen abizenak ageri dira.
2022ko ekainean, Udalak Jacinto Lara Bonilla abokatuaren esku jarri zuen hautatutako kasu horiei buruzko informazioa, Argentinako Errepublikako Buenos Aireseko Krimen eta Zentzagarritasun Federaleko 1. Epaitegi Nazionalaren (Argentinako Errepublika) 4591/2010 Kereilaren autoetan aurkez zezan, dagokion moduan. Aldi berean, beharrezko izapideekin jarraitu zen, 24 kasu horien inguruko kereila kriminala Donostiako instrukzio epaitegian aurkezteko.