La Kontenedorak egitarau kultural guztia eten behar izan du, udalarekin izan dituen arazoak direla eta
Amara Berriko La Kontenedora espazioak sare sozialetan iragarri duenez, ezingo dituzte kultur jarduera gehiago antolatu udalarekin izan dituen arazoak direla-eta. Egitarau osoa bertan behera uzteak, espazioa arriskuan jartzen duela gogoratu dute, izan ere, alokairua ordaintzen jarraitu behar dute.
Azaldu dutenez, “eztabaida bat dago udalarekin lizentzien inguruan, ez dago kasu honen erreferentzia espezifikorik bere webgunean. Funtsean, zer den azaltzen ez duten zerbait eskatzen digute!”. Edonola ere, elkarteko kideek “pazientzia” eskatu dute, eta “egun gutxian konpontzen den zerbait” izatea espero dute.
Izan ere, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin eta Jon Insausti Kultura zinegotziarekin harremanetan daude, eta, adierazi dutenez, “legea errespetatuz, ahal duten guztia egingo dute laguntzeko”.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, elkarteak ez duela jarduerarik antolatzeko lizentziarik, eta bizilagunen salaketa bat dela medio, etorri da arazoa.
Martxoaren 11n, Igeldoko Undermounten, hainbat jarduera antolatuko dituzte, nola edo hala, diru sarrera bat bermatu, eta proiektuarekin jarraitu ahal izateko.
Udazkenean ireki zuten espazioa, eta urtarrilean abiatu egitaraua. Ordutik etengabe ari dira lanean, astean lautik gora jarduera antolatuz.