Olaia Duarte proposatu dute EH Bilduren zerrendako bigarrena izateko

EH Bilduren hauteskunde batzordeak osatu du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Donostiako bere zerrenda proposamena, eta militanteek zerrenda hori berresteko aukera izango dute egunotan, Naiz hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Jakina zen moduan, Juan Karlos Izagirre alkate ohia izango da zerrendaburua eta alkategaia, eta bigarren postua da berritasun nagusia, Olaia Duarte proposatu baitute. Zinegotzia da gaur egun Duarte, gizarte arloak aditua, eta 2019ko udal hauteskundeetan zerrendako hirugarrena izan zen.
Hirugarren postuari dagokionez, Javi Vitoria proposatu dute, Izagirreren legegintzaldian udaleko Ogasun arduraduna izandakoa. Laugarren eta bosgarren postuetan, aldiz, egungo bi zinegotzi daude: Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran, hurrenez hurren.
Seigarren posturako, egungo zinegotzi Markel Ormazabal proposatu du hauteskunde batzordeak, baina gaur egun ere zinegotzia den Zigor Etxeburuak bere burua aurkeztu du postu horretarako. Horrela, militanteek Ormazabalen eta Etxeburuaren artean erabaki beharko dute seigarren posturako. Gaur egun, sei zinegotzi ditu EH Bilduk udalean, eta maiatzean sei horiek mantentzea edo, asko jota, zazpi lortzea aurreikusten da, azken inkesten arabera.
Zerrenda osatzeko, militante hauek proposatu dituzte: Itziar Iturri (7), Izar Hernando (8), Sandra Barrenetxea (9), Jose Angel Apaolaza (10), Xubane Uribarrena (11), Malen Dominguez (12), Javi Montes (13), Iñigo Etxezarreta (14), Lur Gallastegi (15), Aitziber Iartza (16), Mikel Osinalde (17), Pilar Carrere (18), Asier Iriondo (19), Garazi Urrosolo (20), Agus Rodriguez (21), Pilar Arratibel (22), Joxean Eguilegor (23), Amaia Aranburu (24), Gaizka Izagirre (25), June Iartza (26) eta Rafa Diez (27). Ordezkoak Kontxi Aldalur, Eñaut Jaka eta Koldo Oliden izango lirateke, ordena horretan.