Onkologikoko garbitzaileek %24ko soldata igoera lortu dute
32 eguneko grebaren ondoren, Donostiako Onkologikoko Ilunion enpresako 18 garbitzaileek %24ko soldata igoera lortu dute. ELA sindikatuak lortutako akordioari esker, soldata arrakala ezabatu dute eta greba bertan behera geratu da.
Urtarrilaren 30ean hasi zuten greba, pairatzen zuten soldata arrakalarekin amaitzeko. Langile horiek Gipuzkoako bide garbiketan dabiltzan langileek baino %25 gutxiago kobratzen zuten, eta lortutako akordioarekin pareko soldata igoera lortu dute.
Akordioan sinatu dutenaren arabera, soldaten igoera progresiboa izango da, eta 2025ean lortuko dute igoerarik handiena. Aurten, 2023an, %10eko igoera izango dute, eta datozen bietan KPIa adina igoko diete soldata, betiere gutxieneko %7a bermatuta. Beraz, 2025erako gutxienez %24 handituko diete soldata. 2024ko eta 2025eko soldatak igotzeko, baina, Onkologikoak Osakidetzako sare publikotik kanpo egoten jarraitu beharko du.
Horrez gain, ordaindutako sei eguneko lizentzia ere lortu dute. “Aurrerapen hori funtsezkoa da lan baldintzak hobetzeko eta lana eta bizitza bateratu ahal izateko”, adierazi du ELAk.