Oraindik mintzatzen dira Spoon Riverreko hildakoak
Edgar Lee Mastersen 'Spoon River Antologia' euskarara ekarri du Alain Lopez de Lacallek.
AEBetako hamar poeta hoberenak hautatu beharko balira, zalantza gutxi dute Balea Zuria argitaletxeko kideek: Edgar Lee Masters litzake horietako bat. Hala defendatu du argitaletxeko Felipe Juaristik Spoon River Antologia liburuaren aurkezpenean. XX. mendeko best-seller handienetako bat izan zen 1914ean argitaratutako liburu hau, Lee Mastersen obrarik garrantzitsuena.
Alain Lopez de Lacalle itzultzaileak azaldu duenez, “one hit wonder” bat izan zen Lee Masters. Hau da: Spoon River Antologia, klasiko bihurtu zen, kasik automatikoki, baina bizitza osoan zehar idatzitako lanek –50etik gora liburu– ez zuten ia oihartzunik izan. Ia miserian hil zen eta Lee Masters.
Spoon River herri imajinarioa
Liburua apurtzailea izan zen forman eta edukian. Bertso librea erabili zuen, eta gai herrikoiak, XX.mende hasierako nekazari herriaren azterketa egiteko. “Arrunkeria” eta “sexu obsesioa” egotzi zizkioten Lee Mastersi. Nekazal herrixkaren mikrokosmosa ondo xehatu arren, “norberaren errealizazioaren borroka” du ardatz liburuak, Lopez de Lacalleren arabera: “Amets amerikanoaren ifrentzuaren irudia da”.
Spoon River herri imajinarioan hil diren herritarren ahotan agertzen zaizkigu poema guztiak. Hau da, poema bakoitza herritar batek kontatzen du, eta haien begiradetatik irakurtzen da gizartea. Jakina da, hildakoan, zertarako biloak ahoan?
Lee Mastersek berak azaldu zuenez, “liburu hau ukitzen duenak, gizon bat ukitzen du”, hain ziren pertsonalak bertan agertzen ziren gogoetak, eta pertsonaiak. “Like a cry of the heart” idatzi omen zuen, hau da, “bihotzaren negar” baten moduan.
Klasikoa, euskaraz
XX. mendeko AEBetako poesiaren ikur handienetako bat da Edgar Lee Masters. Ogibidez abokatua, grebalari, langile eta sindikatuen defendatzailea izan zen, eta bere herrialdearen gorakada inperialistaz kezkatuta, argi eta garbi ikusi zuen aldaketa kultural baten beharra zuela. 1915ean eman zuen argitara ezagun egingo zuen poesia bilduma, Spoon River Anthology. Idazleak liburuaren 19 edizio saldu zituen urte hartan, eta 1940an 70 edizio zituen liburuak. Bide luzea egin du geroztik, eta erabateko klasiko bihurtu da.
Mundu mailan ezagun-ezaguna den arren, ez da sobera eskuragarria izan gurean, eta, hain zuzen, hau da euskaraz irakur daitekeen lehen aldia. Balea Zuriarentzat “luxu eta ohore” bat. Gainontzekoontzat, baita ere.