Cabezudoren aurkako zigorra berretsi du Gorenak
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Gipuzkoako Auzitegiak iaz Kote Cabezudo argazkilari eta erasotzaile donostiarrari jarritako zigorra: 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra, eta biktimei 116.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko beharra, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera.
Zazpi emakumeren aurkako delituengatik jarri zioten zigor hori: bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik. Hala ere, askoz gehiago ziren Cabezudoren aurkako salaketa jarri zuten emakumeak, eta delitu gehiago leporatzen zizkioten akusazio partikularrak eta Fiskaltzak; hain zuzen ere, 217 deliturengatik absolbitu zuen Maria Jose Barbarinek, Ana Isabel Morenok eta Augusto Maesok osatutako epaimahaiak, Gipuzkoako Auzitegian.
Horrela, Goreneko Zigor arloko auzitegiak atzera bota du Cabezudoren defentsak jarritako helegitea –absoluzioa eskatu zuten–. Halaber, auzitegiak ebatzi du Cabezudori ez diotela ‘Soilik baietz da baietz’ legea aplikatuko, zigorra murrizteko interpretazioa eginda aplikatuz gero ere, horrek ez lukeelako eraginik izango Cabezudok espetxean pasatu ditzakeen urte kopuruan. Izan ere, gehienez hogei urte pasatuko ditu kartzelan, eta dagoeneko lau baino gehiago egin ditu, auzi txikiagoengatik zigorrak betetzen.
Cabezudo kasua
1990eko hamarkadatik, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian. 2013ko urtarrilean jarri zuten haren aurkako lehenengo salaketa: argazkiak egin zizkion emakume batek salatu zuen orduan, iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea leporatuta. Pixkanaka, halako salaketa gehiago jartzen eta biktima gehiago azaleratzen hasi ziren. 2018ko udaberrian oraindik kalean zegoen, nahiz eta ordurako dagoeneko bederatzi aldiz hartu zion deklarazioa epaileak. Epailea aldatu zutenean sartu zuten espetxera, 2018ko maiatzean.
Urteotan, hainbat zigor txiki jaso ditu Cabezudok, besteak beste, salatzaileetako batzuen argazkiak Internetetik ez kentzeagatik, epaileak hala agindu ondoren. Horrela, haren aurkako auzibide nagusiarengatik zigortu zuten iaz, eta zigorra berretsi dute orain.