Kirol Ekintzako langileak kalera atera dira
Donostiako Udaleko Kirol Patronatuaren zerbitzua da, eta 2010. urtetik azpikontrataturiko enpresek kudeatzen dute. Langileek hitzarmena berritzea eta «lan baldintza duinak» lortzea du helburu. Bihar manifestazioa egingo dute, Bulebarretik abiatuta.
Jon Aristegi Kirol Ekintzako langilea eta Olatz Arrieta LAB sindikatuko ordezkaria, Altzako udal kiroldegiaren ondoan. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Hiriko udal kiroldegietan uretako eta lehorreko ikastaroak emateaz arduratzen dira Kirol Ekintzako langileak. Hamabi urte baino gehiago daramatzate lan baldintza izoztuekin, eta 2012. urtetik ez dute soldata igoerarik izan. Hori dela eta, erabaki zuten beren egoeraren berri ematea erabiltzaileei; horretarako, ikastaroak baliatu zituzten, eta kiroldegietan ohar informatiboak eta pankartak jarri.
Aste honetan, ordea, beste pauso bat ematea erabaki dute. Lan gatazka kalera atera dute LAB eta ELA sindikatuen babesarekin, eta bi elkarretaratze egin dituzte Kirol Patronatuaren egoitzaren aurrean. Horrekin batera, manifestazio bat egingo dute bihar 17:00etan, Bulebarretik abiatuta. Kirol Ekintzako langileentzako hitzarmen propio bat negoziatu nahi dute Donostia Kirolarekin eta BPXport enpresa azpikontratatuarekin.
90 langile inguru dira Kirola Ekintza zerbitzua eskaintzen dutenak, eta 3.000 erabiltzaile baino gehiagori ematen dizkiete klaseak. Jon Aristegi da langile horietako bat, eta «indarrak batzeko» unea dela dio: «Hitzarmen kolektibo propio bat behar dugu, gure lan baldintzak hobeto arautuko dituena. Lanean daramagun denboraren arabera, bi hitzarmen mota aplikatzen dizkigute».
Hain zuzen ere, Titularitate Publikoko Kirol Instalazioak eta Kirol eta Ikuskizun Lokalak izeneko hitzarmenak aplikatzen dizkiete. «Lan bera egiten dutenei bi hitzarmen kolektibo desberdin aplikatzen dizkiete. Bi hitzarmen horiek 2010 eta 2012 urteen artean sinatu ziren. Egun biak erabat zaharkituta geratu dira», azaldu du Olatz Arrietak, LAB sindikatuko Donostiako udal kiroldegietako arduradunak.
Urtetako negoziazioa
LAB sindikatuak denbora darama negoziatzen Kirol Ekintzako langileen lan baldintzak hobetzeko. «Enpresa batzordeak urteak daramatza Donostia Kirolarekin eta enpresa azpikontratatuekin hitz egiten. Easorekin saiatu ginen lehenik, eta orain BPXportekin», nabarmendu du Arrietak.
Lan gatazkaren erantzukizun nagusia Donostiako Udalarena dela dio Arrietak, baina arazoa Gipuzkoa osokoa dela aitortu du: «Sektore hau erregularizatzeko modua izango da hitzarmen sektorial eta probintzial bat negoziatzea. Su txikiak piztu dira Gipuzkoako osoko udal kiroldegietan. Horregatik, irtenbidea hitzarmen sektorial bat adostea izango da». Zehazki, LABek Titularitate Publikoko Kirol Instalazioak hitzarmena berritu nahi du, «egungo errealitatera egokitzeko». Kirol Ekintzako langileei dagokienez, dagokion esparruan «hitzarmen propio bat» negoziatu nahi dute.

Kirol Ekintzako langileen elkarretaratzea, Donostiako Udaleko Kirol Patronatuaren egoitzaren aurrean. (Argazkia: LAB sindikatua)
Gutxietsiak
Aristegik zortzi urte daramatza Kirol Ekintzako langile moduan. Besteak beste, spinning eta pilates klaseak ematen ditu Altzako udal kiroldegi berrian. Sei eta zortzi ordu bitarteko lanaldiak izan ohi ditu, eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena ematen ahalegintzen dela dio. Ordea, Donostia Kirolak euren lana gutxiesten duela uste du: «Gure lana ez dute baloratzen. Zerbitzua eskaintzeko beharra dute, baina ez diote merezi duen balioa ematen. Formakuntza onekoak gara, profesionalak, baina ez da nahikoa. Gure ogibidea izatea nahi dugu, baina ez digute uzten».
Gaur egun dituzten lan baldintzekin ez dago batere konforme Aristegi: «Gure klaseak gure lanorduetarik kanpo prestatu ohi ditugu, eta ordu horiek ez ditugu kobratzen. Formakuntzak asteburuetan egin behar ditugu. Izan ere, orduka gaude kontratatuta. Guretzat oporrak egotea ez da ona, ez dugulako lanik egiten eta ez dugulako kobratzen».
Donostiako Udaleko Kirol Patronatuak Kirol Ekintza enpresa pribatuen esku uztearen kontra dago Aristegi. Batez ere, azpikontratazioak «prekarietatea» dakarrelako. «Jakin nahi nuke udalak zenbat diru ematen dion enpresari, kontuak egiteko. Dirua egon badagoelako. Altzako kiroldegia egiteko zenbat ordaindu dute? Eta Zuhaizti kiroldegia berritzeko? Makina on eta garestiak jarri dituzte. Ikusten den gauzetan jarri dute dirua. Aldiz, ikusten ez dena langileon lana da», salatu du Aristegik.
Kirol Ekintzako langileak bederatzi udal kiroldegitan daude banatuta, eta elkartzeko zailtasunak izan dituzte. «Herrietan kiroldegi bakar bat dago, eta langileen arteko harremana zuzenagoa da. Donostian kostatu zaigu indarrak batzea, baina lortu dugu», nabarmendu du Aristegik.
Biharko manifestazioaren ondoren, eman beharreko hurrengo pausoak zehaztuko dituztela dio Arrietak: «Langileen parte hartzearen araberakoa izango da. Dena dela, ez dugu baztertzen Kirol Ekintzako langileek lanuzteak eta greba egin behar izatea».


