Marrus inguruko baratzeak zozkatu dituzte
Altzako Marrus eremuko baratze publikoak.Donostiako Udala Donostiako Udalak egin du dagoeneko Altzako Marrus eremuko baratze publikoen zozketa, eta saridunak hemen kontsultatu daitezke. 85 baratze zozkatu dituzte orain, baratze publikoen lehenengo fasean. Ordea, bigarren fasea ere abian da, eta udalak aurreikusten du udazkenerako beste 90 baratze erabilgarri egotea.
Guztira, 550 lagunek egin zuten baratze bat eskuratzeko eskaera, eta ostegunean egin zuten zozketa, hilaren 2an. 18 eta 30 urtekoen artean zortzi baratze banatu dituzte, 31 eta 60 urtekoen artean 47 baratze, 61 urtetik gorakoen artean 27 baratze eta ezgaitasunen bat dutenen artean hiru baratze. Sarituak izan ez direnak itxaron zerrendara pasatu dira, egon daitezkeen bajak betetzeko.
Baratze txikienak 49 metro koadro ditu eta instalazio komun batzuk ere bai: armairu batzuk dituen txabola, erremintak gordetzeko biltegia eta hainbat aska. Baratzea erabiltzeko prezio publikoa 60 euro izango da urtean, eta 100 euroren fidantza ere jarri beharko da. Adjudikazioaren epea bukatutakoan edo titularrak uko egin eta lursaila behar bezala dagoela ikusitakoan itzuliko da fidantza.
Lauaizetako Plan Berezia 2013an onartu zuen udalak, eta hiri baratze parke publikoa garatzeko Marrus baserriaren inguruan hainbat lursail egokitzea aurreikusi zuen. Lehen lursaila 6.200 metro koadroko eremua da, eta 2014an jarri zuten abian; 88 baratzekoa. Bigarren lursaila hilabete batzuk beranduago egokitu zuten, 9.300 metro koadrokoa eta 138 baratze publiko dituena. Dena dela, 2017an itxi zituzten denak lurrak kutsatuta zeudelako. Lursail hau egokituko dute bigarren fasearekin, eta beste lursail bat egokitu baratze berriak jartzeko.


