Martxotik azarora bitartean egingo da Altzako XXIII. Bertso Aroa
Altzako Bertso Aroaren XXIII. edizioa izango da aurtengoa, eta martxoaren 4tik azaroaren 11ra arte luzatuko da, egitarau zabalarekin. Altzania K.E., Bizarrain euskara elkartea eta Altzako bertsozaleak-ek antolatu dute egitasmoa, Lanku kultur zerbitzuak eta Donostia Kulturaren laguntzarekin.
Martxoaren 4an emango zaio hasiera Bertso Aroari, Amaraun ikuskizunarekin. Larratxo kultur etxean izango da, 19:00etan, eta amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen ditu.
Martxoaren 11n bertso bazkaria egingo dute Altzatarrak kirol elkartean. 13:30ean hasiko da, eta Alaia Martin eta Joanes Illarregi bertsolariak arituko dira bertsotan. Gai jartzailea Joseba Alkiza izango da.
Maiatzaren 21ean bertso jaialdia izango da Altzagaineko plaza gorrian, 18:00etan. Maite Berriozabalek jarriko dizkie gaiak Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Uxue Alberdi eta Julio Soto bertsolariei. Era berean, Altzako haur, gazte eta helduen bertsopaper lehiaketako sari banaketa ere egingo dute.
Irailaren 22an bertso poteoaz gozatzeko aukera izango da Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien eskutik. Donostiako Musika Eskolako trikitilariek lagunduta, 19:00etan hasiko da, Casaresetik.
Eta Bertso Aroa amaitzeko, azaroaren 11n, beste bertso bazkari bat egingo dute Altzania K.E.-n. 14:00etan izango da, eta Maialen Lujanbio eta Eñaut Martikorena bertsolariak ariko dira bertsotan, Aitor Odriozola gai jartzaile dutelarik.