Valdemoron irabazi behar du Txuri Urdinek, kopan aurrera egiteko aukera izateko
Txuri Urdineko neskek partida garrantzitsua dute larunbatean, kopako final-laurdenak jokoan baitira. Bigarren jardunaldia jokatuko dute Quimeras Valdemororen etxean, eta lehenengoan Puigcerdaren aurka galdu ostean (0-3), irabazi egin beharko dute, hirugarren jardunaldira txapelketan aurrera egiteko aukerak izanda iritsi nahi badute. Partida larunbatean izango da (hilak 4), 21:30ean.
Futbolean, Realeko neskek larunbatean jokatu dute Atletico Madrilen aurka, Zubietan. Talde ona da madrildarrena, eta ez da neurketa erraza izango, baina realzaleen babesa izango dute Natalia Arroyoren neskek. Horrela, azken bi asteotako emaitza kaskarrak atzean uztea izango dute helburu.
Realeko mutilek, aldiz, gaur jokatuko dute (hilak 3), Anoetan, Cadizen aurka. Azkenaldiko joko txarra atzean utzi eta duela aste batzuetako bidera itzuli nahi dute Imanol Alguacilen mutilek, errekuperatu berri den David Silvaren eskutik ondo jokatuta eta garaipena etxean gelditzeko. Faboritoak dira donostiarrak, andaluziarrak sailkapeneko beheko postuetan baitaude.
Saskibaloian, Zaragozaren etxean jokatu du Ibaeta Basketek igandean, eta dena eman beharko dute Azu Muguruzaren neskek. Izan ere, ligako talde onenen artean daude aragoitarrak, sailkapeneko laugarrenak baitira. Joan den astean Cadi la Seuren aurka galdu ondoren, garaipenaren bidera itzuli nahi dute donostiarrek.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen kopako final-laurdenak, bigarren jardunaldia
- Quimeras Valdemoro – Txuri Urdin (larunbatean, 21:30ean).
Futbola
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Reala – Atletico Madril (larunbatean, 12:00etan).
Gizonezkoen liga, 24. jardunaldia
- Reala – Cadiz (ostiralean, 21:00etan).
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Zaragoza – Ibaeta Basket (igandean, 12:15ean).