Kontxa azpiko metroaren lanak "oso motel" doazela baieztatu du ETSk
Gaur goizean Donostiako Metroaren lanen inguruko batzorde ez iraunkorra egin dute udaletxean. EH Bilduk deitu zuen batzordea, eta Garbiñe Alkiza zinegotzia arduratu da Euskal Trenbide Sareari (ETS) obrari buruzko galderak egiteaz.
Arduradunek baieztatu dute Easo-Mirakontxa zatiko lanak “oso mantso” doazela. “Hilean sei metro zulatzen, eta zementu injekzio asko erabiltzen ari dira”, adierazi du EH Bilduk. “Erritmo motel horren arrazoi nagusia Gipuzkoako Kostaren eta Itsasoaren Zuzendari Nagusiak ezarritako baldintza berriak dira. Izan ere tunela erabat iragazgaiztuta egon behar da”.
Hori dela eta, “gainkostu handiak” aurreikusten direla aitortu du ETSk. “Epeei dagokienez, arduradunek diote 2025eko udan bukatuko dela obra zibila, eta, beraz, 2025eko lehen seihilekoan ezingo dela martxan jarri, aurretik emandako data nabarmen atzeratuz”, esan du udal taldeak.
“Fase kritikoa”
Easo-Mirakontxa zatiko lanak iazko maiatzean berrabiarazi zituzten, berriz ere lizitatu eta onartu ostean. Ordutik, pixkanaka aritu dira zulatzen. Aurki, obraren “fase kritiko” batean sartuko direla aurreratu du ETSk goizeko batzordean: “Kontxako geltokiaren hondeaketa”.
Bestalde, Donostian ETS egiten ari den beste lan batzuen inguruko datuak ere eman dituzte. Esaterako, Loiolako Erriberako trukagailuaren tramitazioan atzerapenak daudela esan dute. Adif, Gipuzkoako Foru Aldundia eta ETS ados jarri behar dira hitzarmena sinatzeko. “Apirilera edo maiatzera arte atzeratu dute. Hain zuzen ere, udal eta foru hauteskundeetatik hurbilago sinatu nahi du ETSk Anoetako geltoki berriaren proiektua”, adierazi du EH Bilduk.