"M-8a ez du udalak sustatu behar, baizik eta mugimendu feministak"
Ane Oiarbide (Donostia, 1985) Donostiako Udaleko Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibilen zinegotzia da.

Berdintasun sailaren ikuspegitik zein balorazio egiten duzu, amaitzear den legegintzaldi honetaz?
Legegintzaldia hasita sartu nintzen ni, 2020ean. Ni sartu aurretik, pandemiak gogor jo zuen eta gizarte ekintzari dirua bideratzeko murrizketa handiak egin behar izan ziren. Lanketa sakona egin zuen Duñike Agirrezabalagak, Berdintasuneko diru laguntzak bere horretan uzteko. Murrizketak egin behar izan ziren departamentu guztietan, bai eguneroko jardunean, eta baita diru laguntzetan ere, baina berdintasunekoak mantentzea lortu genuen, eta honek islatzen du guretzat zer nolako garrantzia duen.
2020ko abenduan, normaltasun berri horren kudeaketa egitea tokatu zitzaidan, eta lehen jaiak. Bi mugarri markatuko nituzke. Batetik, berdintasun sailaren birgaitze prozesua. Orain arte atal moduan funtzionatzen zuen, bost teknikarirekin eta berdintasun ataleko burua partekatua zen beste atalekin. Orain, berdintasun ataleko buru bakarra dugu %100 horretara, eta sei teknikari. Honek sailaren egitura eta udal osoan dugun intzidentzian du eragina. Kanpotik ez dakit nola atzematen den, baian udal barruan eragiteko gaitasuna asko handitu dugu.
Bestetik, jaiekin egindako lanketa aipatuko nuke. Pandemiaren aurretik, mugimendu feministak bere puntu moreak antolatzen zituen, haien informazio eta telefonoekin, eta, udaletik, arreta puntua egiten genuen. Iaztik aurrera, Donostiako Piraten lantalde feministara hurbildu ginen –eta haiek ere guregana, ez dela gutxi–, eta elkarlanean hasi ginen. Ez gara %100 ados jarriko gauza guztietan, haiek mugimendu bat direlako, eta mugimenduek beti behar dutelako apur bat transgresoreagoak izan, baina ulertu dugu, bai udaletik, eta baita lantalde feministatik, berdintasunaren alde bide bat egin dezakegula elkarrekin, eta, kasu honetan, jaietan eragiteko. Harro nago egindako lanaz.
Beste jaietan udalak jartzen ditu arreta puntuak ere.
Aste Nagusian ez diren puntuak udalak jartzen ditu, baina mugimendu feministarekin adostuta nola behar duen izan. Jai nagusietan irekitzen da arreta puntua, San Sebastian eguna, San Joan bezpera, Aste Nagusian eta auzoetako jai batzuetan: Zipotz jaietan, Karmengo jaiak, Jazzaldian, Porrontxoetan eta abar.
Lehen informazio puntu bat zen, baina egun artatze puntu bat ere bada, erasoak jasan dituztenentzat. Zorionez, ez da oraindik eraso handirik artatu behar izan. Salaketa batzuk bai jaso direla, baian ez udaltzaingoan salaketa jartzeko modukoak. Balorazioa oso positiboa da, ez soilik puntu morea izatea, baizik eta udal barruan harremana hobetzea beste sailekin, izan gizarte zerbitzuekin, edo udaltzaingoarekin.
Emakumeen etxeak etxe handiago bat behar duela aldarrikatzen du aspaldi.
Historikoa da aldarrikapena: etxe handiagoa nahi dute, eta etxe handiago bat behar dute. Gure lana izan da toki bat bilatzea. Hainbat proposamen landu diren arren, bakar batek ez du betetzen erdigunean egotearen irizpidea. Txiki-txikia gelditu da Emakumeen Etxea, eta egia da Erdialdean edo inguruan dauden 600 metro karratuko lokalik ez dagoela.
Zer irtenbide eskaintzen du udalak?
Easo kalean dagoen kontserbatorioa eskaini genien. Hori errealitate bihurtzeko, Easo kalean aurreikusita dauden birmoldaketak egin behar dira. Epe luzerako proiektua da.
Zer paper jokatzen du hirian zure ustez?
Berdintasuna saila bertan dugu kokatua, eta aukera bikaina da, sinergiak sortzen dituelako emakumeen etxeko elkartearekin eta gainontzeko ekintzaileekin. Udal zerbitzuak ematen dira bertan, oso arrakastatsuak direnak. Elkarteak berak egiten duen lana ikaragarria da, jende pila bat joaten da urtero. Sare bate egituratzeko, beste emakumeak ezagutzeko, baita biktima izan diren emakumeak ere.
Zer nabarmenduko zenuke?
Zerbitzuka oso garrantzitsuak dira, baina arrakasta gehiena autodefentsa feminista tailerrek dute. Talde honek asko gaztetzen du emakumeen etxea, eta eskertzekoa da.
Beste ildo estrategikorik?
Egiten ditugun sentsibilizazio kanpainak dira gure lan estrategikoenak. Adibidez, martxoaren 8ari begira ez da hainbeste udaletik edo departamentutik sustatu behar den egun bat, baizik eta, elkarteek eta mugimendu feministak sustatu beharreko egun bat. Aldarrikapen egun bat da, emakumeok geure espazioak aldarrikatzeko, eta, horregatik, espazioak
Zure uste, zer garrantzia du feminismoak gaur egun?
Erabatekoa. Tamalez, kontraesan batean sartuta gaude. Kontraesan handi bat dago orain, zeren desberdintasun batean bizi gara argi eta garbi, baina kontran, guztiz kontrako mugimendu bat dago, esaten duena matxismo ez dela existitzen eta jada berdintasun batean bizi garela. Garai bitxia da.
Feminismoa ez da bakarrik gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bilatzen duena, baizik eta sistema patriarkarra hausteko aukera. Eta hor sartzen dira normatik ateratzen diren guztiak.