"Aldarri guztiz instituzionaletara bideratzen direnen mugak seinalatzen ditugu Itaiatik"
Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak, Martxoaren 8ari jartzen dion helburu nagusia antolakuntzarako deia egitea da. Leloa lekuko: 'Emakume langilea askatzeko, sozialismoa eraiki'. "Antolakuntzarako dei argi bat da", Karla Legorburu Itaiako kidearen ustez (Antigua, 1999). 18:30ean antolatu dute manifestazioa, bulebarretik.
Nola kokatzen duzue aurtengo Martxoaren 8a?
Martxoak 8ari jartzen diogun helburu nagusia da antolakuntzara deia egitea. Gure jardun politikoaren baitan, ikasturteko beste egun bat da azken finean.- Leloa adierazgarria da: ‘Emakume langilea askatzeko sozialismoa eraiki’. Dei argi bat da antolakuntzara. Ikusten duguna da emakume langilearen zapalkuntzaren espektroa oso zabala dela. Alde batetik, emakumea guztiz hipersexualizatuta egotearen ondorio diren egunerokotasuneko zapalkuntza formak ditugu: indarkeria matxistaren egunerokotasuneko forma guztiak, hain ezagunak diren eraso matxistak, kaletik goazenean jasaten ditugun biolentziaren edozein espresio, eta abar. Bestetik ere, lan arloan emakumeen lanak hartzen duen karakterizazioa ere fenomeno berdinaren parte dela ikusten dugu, emakumearen izaera sozial horrengatik, esplotazio ekonomiko argi bat ateratzen dela.
Martxoaren 8aren harira, gaur egun dauden korronte batzuen mugak nabarmendu behar ditugu: alderdi politiko instituzionalek, edo aldarri guztiz instituzionaletara bideratzen direnen mugak seinalatzen ditugu Itaiatik. Gure ustez, egunean bertan kalera ateratzeak ez du eraginkortasunik, ez bada kokatzen planteamendu orokorrago baten baitan.
Zeintzuk izan dira ikasturtean aurrera eraman dituzuen borrokak?
Otsailaren 25ean bertan, Bilbon, Iruñean eta Donostian kalera atera ginen, lan sektore feminizatuetako baldintzak salatzeko, eta adierazteko Itaia prest dagoela hemendik aurrera borrokatzeko, lan baldintza horiek salatze aldera. Eta seinalatze aldera subkontrata bidez emakume langileak esplotatzen dituzten hainbat enpresa: Garbiladi, Ilunion eta abar. Eta bestetik ere, indarkeria matxistari erantzuteko ditugun betiko praktikak: jaietan protokoloak antolatu, etxeratze kolektiboak, telefonoak martxan jarri, erasoak ematen direnean salatu…
Donostian salatu genuen Altzan indarkeria matxista jasan zuen emakume batena etxe kaleratze bat emango zela. Salatu genuen ere alokairu sozialeko sei pisu bakarrik esleitzen zaizkiela indarkeria matxista jasan duten emakumeei.
O-25eko mobilizazioaren harira. Zer harreman duzue langileekin?
Babesa ematen egon gara esparruz esparru. Azken aldian grebara atera dira asko, Donostian onkologikoko garbitzaileak greban daude, ospitaletako langileak greban daude ere. Haien mobilizazioetan izan gara, babesa eskaintzen, eta haiekin harremana pixkanaka sortzen. Aldi berean, publiko egin dugu komunean eduki ditzaketen aldarri sorta bat. Anbulategiko, ospitaleko, onkologikoko eta etxez etxeko zaintza egiten duten emakumeekin hitz egiten eta sektore feminizatu hori karakterizatzen dituzten hainbat aldarri jasotzen. Esparruz esparru kointzidentzia asko ematen dira.: karrera profesionala ez dutela kobratzen, soldatak izoztuak dauzkate, ratioak oso altuak dira, ez zaiela aitortzen egiten duten lana, kasu askotan produktu toxikoekin lan egin behar dute, soldata ezberdintasun handia dago guztiz feminizatuak dauden sektoreekin, eta, adibidez, beste garbitzaile figura batzuekin –kalekoak, adibidez–. Izaera feminizatutako sektore horiek guztiak aldarri bidez batu daitezke.
Etxeratze kolektiboak antolatu dituzue jaietan, zein balorazio egiten duzue?
Zaila da horrelako tresnak normalizatzea. Ez dago batere normalizatua politika egitea, edo nolabait, guk gure tresna propioak garatzea, eta zure konfiantza uztea ezezagun batzuen esku. Orduan, nolabaiteko esperimentu bat izan da, orain arte ikusi ez dena, normalizatuagoa dago etxera taxi bat hartzea, adibidez.
Horrelako tresnen garapena esperimentazio bidez garatuko da eta pixkanaka normalizatzen eta ezagutarazten hauen existentzia eta zein helburu dauzkaten. Gu ere emakume moduan topatu izan garelako horrelako egoera batzuetan, zeinetan, etxera itzultzeak beldurra ematen dizun, edo ikusten duzulako atzetik norbait duzula segika, edo zure gurasoek gaztea zarenean ez dute konfiantzarik ondo itzuli zaitezkeen edo ez etxera…. orduan, ikusten dugu badagoela hor arrakala bat, guk gure kabuz saiatu behar garela gure soluzioak bilatzen, eta ez duela zertan neska batek indibidualki taxi bat hartu etxera joateko. Oraindik garatzeke dago tresna hau nola bihurtu eraginkor, eta nola lortu jendeak horrelako tresnetan konfiantza izatea. Zentzu komunaren baitan ez da sartzen “emakume talde honi deituko diot, antolatzen direla nire auzora oinez batera joateko”. Baina tira, denborak esango du ea eraginkorrak diren eta nora moldatu.
Gainontzeko mugimendu feministak Martxoaren 8an mobilizazio bateratua egiten du, baina zuek ez duzue bertan parte hartzen. Zergatik?
Gure bereizgarri nagusia da sozialistak garela, hau da, helburu estrategikoa bera oso markatuta daukagula. Orduan, eguna ikasturtearen baitan kokatzen dugun, eta antolakuntza orokorrago baten baitan kokatzen dugu; gure helburu estrategiko hori da aldarrikatu nahiko genukeena. Ez gara oso identifikatuak sentitzen existitzen diren korronte feministekin, adibidez ez dugulako defendatzen izaera punitibista duten estrategiek benetan aska dezaketenik emakumea edo bukatu dezaketenik biolentzia matxistarekin; ez dugu sinisten, ezta ere, legearen erreforma espezifiko batzuekin lortu daitekeenik –horren erakusle da ‘soilik bai da bai’ legea martxan jarri denetik, gure egoerak hobera egin ez izana–.
Egun, gainera, feminismoa bere egiten duten alderdien espektroa izugarri zabaldu da, zentzu komunaren baitan sartu da eta politika instituzionalean onartuta dagoen aldarri bat da, eta hala ere, kasuek hor jarraitzen dute, hipersexualizazioa haratago doa… Horren guztiaren motorra dira merkatuaren legeak eta kapitalismoak nola baliatu dezakeen emakumearen zapalkuntza. Hori identifikatzen ez duten korronteetatik urrun kokatzen gara gu.
Gauza bat da lege erreforma bat egitea, paperean emakume langilea babestu dezakeena, baina guk ikusten dugu ezin direla legeen bitartez gainditu egunerokotasunean dauden fenomeno guztiak: kapitalismoaren legeak eta emakumearen hipersexualizazioak dakartzaten etekin masiboengatik dauden arazoak –prostituzioa, pornografia, haurdunaldi subrogatua…–, ezin dira legeen bitartez gainditu. Horrek bultzatzen gaitu gure jardun propioa egitera, eta orokorrean feminismoaz entzutean burura etortzen zaigun horretatik harago politika egitea.
Emakume langileak ez du mugatu behar emakumeari mugatzen zaizkion auzietara. Askotan tendentzia hori egoten da eta: emakume moduan politizatzen zara, baina oso partzialki. Guk uste dugu emakume langilearen despolitizazio hori gainditu behar dela, eta mahai gainean jartzea guk ere politika egiten dugula eta gure ardura dela ere auzi estrategiko orokorrago batzuez hitz egitea.