Artikutza ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte martxoan
Martxoan Artikutzara joateko bisita gidatuak antolatu ditu Donostiako Udalak, Artikutza Natura programaren barruan. Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura ezagutzeko interesa duten taldeentzat dira.
Hilaren 12an, Mintegixar eta trenbide zaharra ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Eskasetik abiatzen den ibilbide zirkularra egingo dute. Errepidetik 200 metro jaitsiko dira, eta eskuinetik hasten den bidea hartuko dute. Mintegixar inguruan barneratuko dira, erreka ugarik zeharkatzen duten leku ilun batean.
Eremu horretan, hagin populazio garrantzitsua dago, zuhaitz berezia eta nahiko urria. Ikusiko dituzten ale batzuek 400 urte baino gehiago izan ditzakete. Populazio hau zaindu eta hobetzeko egin diren lanen berri ere emango dute. Mintegixarreko pistak errepidera eramango ditu berriro bisitariak. Hortik, meatze trenbide zaharraren trazadura hartuko dute, berriro Eskasera bueltatzeko.
Martxoaren 19an, Artikutzako anfibioak eta narrastiak ezagutu ahal izango dira. Irteera horretan, herpetologian (anfibiok eta narrastiak) aditua den pertsona bat egongo da. Artikutzako auzotik abiatuko dira, eta Enobietako presa gainera igoko dira. Urtegia hustu eta presa kentzearen arrazoiak azalduko dituzte, eta historian zehar inguruneak jasan dituen aldaketaz jabetzen joango dira.
Urez estalita egondako eremua zeharkatuko dute, eta ingurune berri horretaz zein espezie baliatzen diren ikusiko dute. Oraingoan, anfibioei erreparatuko diete, garai honetan urmaeletara hurbiltzen baitira arrautzak errutera. Behin Enobietako Urtegiaren egoera ikusita, auzora bueltatuko dira. Urtegiak urak hartu zuen eremua zeharkatu ondoren, Artikutzara itzultzen hasiko dira.
Irteerak 09:00etan hasiko dira. Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita, edo telefonoz, 679-61 30 16 zenbakira deituta (astelehenetik ostegunera, 11:00tik 16:00ra).