Demokraziako emakume zinegotzi guztiak omendu ditu udalak
Donostiako Udalak omenaldia egin die demokraziako lehenengo udaletik gaur egunera arte zinegotzi izan eta diren emakume guztiei. Hazi, bizi, iraun lelopean egin dute omenaldia, eta espazio publikoan eta erakundeetan emakumeek egin duten lana ikusaraztea izan du helburu.
Horretarako, udalbatza aretoan egin den ekitaldian 30 bat zinegotzik hartu dute parte, 1978tik udalbatza osatu eta osatzen duten 61 emakumeak ordezkatuz. Frankismoaren osteko aro berrian aurrerapenak lortzeko egin zuten lan guztiek, eta gaur egunera arte egin duten eta egiten duten bidea gogoratzeko aukera izan dute, guztiek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu dutelarik.
Kresala dantza taldeko dantzarien emanaldiarekin hasi da omenaldia, eta ondoren, garai desberdinetako zinegotziak joan dira hitza hartzen, txandaka. Demokraziako lehenengo udalean egon ziren emakumeek garai berrian bizi izan zituzten zailtasunak izan dituzte mintzagai; besteak beste, dena aldatzeko egin behar izan zuten lan gogorra nabarmendu dute, baina “dena aldatzeko ilusioarekin” sartu zirela politikan azaldu dute. Begoña Amunarriz izan zen Donostiako Udaleko lehenengo emakumeetako bat, eta 1978-1979 urteetan auzo elkarteekin batera landu zuten txosten bat izan du mintzagai, politika berriak egiten hasteko oinarri izan zen txostena, alegia.
Ondoren, 1990eko hamarkadan egon ziren zinegotziek hartu dute hitza: Arritxu Marañonek, Koro Garmendiak eta Maider Alustizak. Beraiek ere garai zailak bizi izan zituzten, emakumeak eta zinegotziak zirelako. “Oso gaztea nintzen zinegotzia nintzenean, eta isekak jasan behar izan nituen gizonezkoen aldetik”, azaldu du Alustizak.
Azkenik, gaur egungo zinegotziek emakumeen oraingo egoera izan dute mintzagai. Azken txanda horretan, Duñike Agirrezabalaga, Miren Azkarate, Amaia Almirall eta Aitzole Aranetak hartu dute hitza. Almirallek metafora bidez azaldu du gaur egun emakumeek berdintasuna lortzeko behar dutena zer den: “Politika egiteko koaderno gorri batekin etorri behar da, neurri gorriak behar ditugulako; bertan idazteko boligrafo moreak behar dira, politika ikuspegi feministatik egiteko; eta, noski, ezpainetakoak ere behar ditugu, mespretxuei hitzez aurre egiteko”.
Honakoak dira udalak demokraziako lehenengo udaletik gaur egunera arte izan dituen zinegotzi emakumeak:
Ana Nazabal Basterretxea (PSOE), Mª Begoña Amunarriz Olano (EAJ/PNV), Mª Pilar Larreina Lasa (EAJ/PNV), Ana Zulueta Casarrota (Guipuzcoa Unida), Dolores Arrieta Etxeberria (PCE), Maria Itziar Mitxelena M. de Ibarduya (EE), Maria del Carmen Perez Martinez de Morentin (EAJ/PNV), Ana Mondragon Arruabarrena (EAJ/PNV), Inmaculada Moron de Miguel (AP,PDP,UL), Maria Jose Usandizaga Rodriguez (AP,PDP,UL), Begoña Garmendia Vazquez (HB) , Susana Corcuera Leunda (PSE-PSOE), Rosa Bello Soto (EE), Carmen Busca Ostolaza (FAP), Maialen Garmendia Larrañaga (EA) *, Elena Azpiroz Villar (PP), Carmen Nagel Tejada (PP), Maria del Carmen Garmendia Lasa (EAJ/PNV) *, Arritxu Marañon Basarte (PSE-EE/PSOE), Beatriz Otaegi Imaz (EA), Koro Garmendia Galbete (EAJ/PNV), Maria San Gil Noain (PP), Miren Zinkunegi Arrillaga (HB) *, Nekane Basauri Garai (HB) *, Carmen Rubio D’Hyver (PP) *, Jaione Arratibel Arrondo (EAJ/PNV) *, Maider Alustiza Lasa (HB), Kristina Gete Etxeberria (HB), Susana Garcia Chueca (PSE-EE/PSOE), Ana Rivilla de Miguel (PSE-EE/PSOE) *, Pilar Elgoibar Larrañaga (EAJ-PNV/EA), Duñike Agirrezabalaga Ugarte (EB-B/IU), Marisol Garmendia Beloqui (PSE-EE), Ainhoa Beola Olaziregi (EB/Berdeak-Aralar), Isabel Arsuaga Pinto (PP) *, Mertxe Garmendia Bereziartu (EAJ/PNV), Aitziber San Roman Abete (EAJ/PNV), Maria Jesus Zelaia Egiguren (EAJ/PNV), Miren Nekane Burutaran Urbierta (BILDU), Naiara Sampedro Perez (BILDU), Nora Galparsoro Larraza (BILDU), Maravillas Dafauce Pozo (PSE-EE), Maria Iciar Aguilera de Juan (PP), Miren Azkarate Villar (EAJ/PNV), Pilar Arana Perez (EAJ/PNV), Maria Luisa del Pilar Garcia Gurrutxaga (PSE-EE), Ane Oyarbide Ochoa (PSE-EE) *, Begoña Palos (PSE-EE), Amaia Almirall Lopez de Luzuriaga (EH BILDU), Olaia Duarte Lopez (EH BILDU), Miren Albistur Garmendia (PP), Amaia Martin Garin (IRABAZI), Nekane Arzallus Iturriza (EAJ/PNV), Maria Jesus Idoeta Madariaga (EAJ/PNV), Miren Jaione Hervas Saez de Arregi (EAJ/PNV), Cristina Lagé Manich (PSE-EE) *, Reyes Carrere Zabala (EH BILDU), Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniego (EH BILDU), Ines Baroja Horrillo (PP) *, Aitzole Araneta Zinkunegi (PODEMOS-IU-EQUO BERDEAK), Marta Huarte Paño (PODEMOS-IU-EQUO BERDEAK) eta Haizea Garai Gallastegi (PODEMOS-IU-EQUO BERDEAK).