Parkour gune bat jarriko dute Bera Berako errugbi zelaiaren atzean
Donostiako Atletikok Bera Berako lursail baten lagapena egin dio Donostiako Udalari. Eraikitzen ari diren errugbi zelaiaren atzean dago, Guarnizo parkean, eta 432,70 metro koadroko azalera du.
Leku horretan parkour instalazio bat jarriko dute, eremuari erabilera bat eman eta segurtasuna hobetzeko. “Oinezkoentzako bide estu bat dago eremu horretan, eta ez da oso segurua. Hori dela eta, Donostiako Atletikori lursail hori lagatzeko eskatu genion, han azpiegitura bat kokatzeko. Zonalde hori hobetzeko baliagarria izango da”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Nerabeen eta gazteen jarduera fisikoa sustatzeko instalazioen eskaerari erantzuten dio parkour guneak.