Metroaren inguruan agertutako arrakalak "fake pitzadurak" direla diote ETSko arduradunek
Yoga akademia bati eman beharreko 96.000 euroko kalte ordaina ez du ordaindu nahi ETSk, eta helegitea jarriko du.
Bentaberriko yoga akademia batek salaketa jarri zuen metroaren eraikuntzako lanak direla-eta, argudiatuta ezin zuela aurrera eraman bere jarduera. EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek 96.000 euroko kalte ordaina jarri zion ETSri, baina, orain, helegitea jarriko duela adierazi dute. ETSko zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredoren iritziz, negozio mota hau “oso berezia da” eta baldintza orokorrak ez diren beste baldintza batzuk behar izan ditzake.
Bestalde, Martinez de Cabredok “fake pitzaduratzat” jo zuen egun batzuk lehenago, Satorralaia bizilagunen mugimenduak salatutakoa, Zubieta kaleko 1. zenbakikoa hain zuzen. Noticias de Gipuzkoa-k jasotakoaren arabera, ETSko arduradunak dio arraila obrak hasi aurrekoa dela: “Gauzak egiatan azaltzea gustatzen zait, ez pitzadura faltsuei buruz aritzea”.
Obrako tunelean ura sartzea ere ‘fake’
ETSko arduradunak esan zuen ez zegoela udal batzordean “fake” galderei erantzuteko, “gai oso serioa delako”, eta obrako tuneletako batean ura sartzearekin lotutako galdera ere “sekuentzia fake” dela esan zuen. Teknikariek azaldu zutenez, lurpeko obretan ura sartzea “normala da, baina kopuru jakin batzuk onartzen dira kasu bakoitzaren arabera”. Donostiako metroaren kasuan, Zubietako zuloaren ondoren, zona iragazgaizteko baldintzak igotzea erabaki zen.
ETSko arduradunak erantzun zuen erakundea Pio Barojako bizilagunekin bildu dela, bertan dagoen haizagailuak sortzen duen zarata dela eta. Morlansen ere kexak izan dira; seigarren solairuko bizilagun batengana iristen den zarata murrizteko eskatu diote, eta “egoera aztertzen” ari direla erantzun dute.