EH Bilduk 128 alegazio egingo dizkio udal gobernuaren aurrekontu proposamenari
Astelehenean, hilaren 13an, 2023ko udal aurrekontuen inguruko ezohiko batzarra egingo dute udaletxean. EH Bilduk iragarri du 128 zuzenketa partzial aurkeztuko dituela; orotara, 20 milioi euro baino gehiago. Koalizioak adierazi duenez, “mugikortasuna hobetzeko, klima aldaketaren aurkako borrokan sakontzeko eta etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak handitzeko” zuzenketak izango dira.
Era berean, osoko zuzenketa aurkeztuko dute, “EAJren eta PSE-EEren udal gobernua orain arte bezala jarraitzeko tematuta” dagoelako. “Eneko Goiak orain arte mantendu dituen politiken emaitza, herritarren arazo nagusiak konponbidean jarri beharrean, hala nola etxebizitza, mugikortasuna, larrialdi klimatikoa, sustapen ekonomiko orekatua eta turismoari mugak jartzea, jendearen bizitza okertu dela da”, adierazi du Reyes Carrere bozeramaileak.
Horrekin batera, Carrerek salatu du Emakumeen Etxeak aurrekonturik ez izatea 2023an. Gaineratu du EH Bilduk milioi bat euroko zuzenketa bat aurkeztu duela egoitza berria Eason kokatzeko, suhiltzaileen kuartel zaharrean: “Gure zuzenketak mahai gainean jarraitzen du”, nabarmendu du Carrerek. Bestalde, Bidebietako kultur etxearentzako 600.000 euroko zuzenketari buruz ere antzera aritu da, “kultur etxerik gabe” dagoen Donostiako “auzo bakarra” delako.
Etxebizitzaren arazoari dagokienez, EH Bilduk dio “epe labur eta ertainerako etxebizitza politikarik” ez dagoela. Donostia “tentsio handiko eremu” izendatzea proposatzen dute, horrela, “anbizio handiagoko etxebizitza politikak aplikatu ahal izateko”. Azkenik, diru sarreren atalean, udal gobernuak Belartza Goikoa eremurako aurreikusten dituen 8 milioi euroko aurrekontua kentzea proposatuko dute, han kokatu nahi duten logistika zentro handiaren kontra daudelako.