Herri mugimenduek aurrekontu "apetatsuak" nahi dituzte, auzoan zahartu ahal izateko
Donostiako Eskubide Sozialen Kartak protesta egingo du, datorren astelehenean Donostiako udalbatzan bozkatuko dituen aurrekontuen kontra. Bertan parte hartzen duten hamaika eragileen ustez, “aurrekontuek ez diete herritarren oinarrizko beharrei erantzuten”.
Gogora ekarri dute nola Eneko Goia alkateak norbere auzoan zahartu nahi izatea “apetatsua” izatea zela esan zuenekoa, eta, hori da, hain zuzen, aldarrikatuko dutena: “Gure auzoan modu duin batean bizitzea ahalbidetuko digun politika publiko baterako aurrekontuak. Aurrekontu apetatsuak nahi ditugu”.
Eragileen ustez, “Donostiaren hiri-krisiaz” hitz egiteko unea da: ” Turismoan, etxebizitza espekulazioan, prekarietatean eta gutxi batzuen etekina bilatzen duten makro proiektuetan oinarrituz ezin da herritarren ongizatea bermatuko duen hiri bat eraiki. Donostia oparoaren mitoa erori da”.
Donostiaren “noraeza merkantilista alboratu eta urgentziaz bizitza erdigunean” jarriko duen udal aurrekontuen eredu baten alde egiteko deia egingo dute, datorren martxoaren 13an, astelehena, goizeko 11.00etan Injentea kalean.