Ahal Dugu-Ezker Anitzako alkategai Victor Lasak "hiriaren markoa" aldatu nahi du
Donostian “espekulatzaileei alfonbra gorria” jartzen zaiela eta, lehenbailehen norabidez aldatzeko beharraz hitz egin du gaur Victor Lasa Ahal Duguren alkategaiak. Aquariumean bildu ditu jarraitzaileak gaur goizean, hiriko hainbat auzo elkartetako ordezkarirekin batera. “Herritarrekin” gobernatu nahi du Lasak, eta “ahalik eta gehien entzun”.
Hiru izan dira hauteskundeetan landuko dituen ildoak, eta hiru ildoekin bideo bana aurkeztu du: etxebizitza, turismoa eta jasangarritasuna.
Etxebizitzari dagokionean Viena eta bestelako Europako hiri batzuk jarri ditu eredu, eta hiru neurri nahi ditu aurrera eraman Lasak: babes ofizialeko alokairuen igoera, alokairuen prezioen mugak ezartzea (“Berlinen eta New Yorken egin duten moduan”), eta atzerritarrek duten erosteko ahalmena mugatzea.
Turismoari dagokionean, hirian den “kezkari” erantzuna eman nahi dio Lasak; “Gaur-gaurkoz, turismoa anti-ekonomikoa da, eta gobernatu behar da”. Horretarako, tasa turistiko bat ezartzea, turismo masiboa ez sustatzeko disuasio-neurriak eta turismoaren birsortzearen behatokia sortzea.
Azkenik, jasangarritasunaren arloan, Amsterdamen eta Bruselan aurrera daramaten donutsaren ekonomia nahi du garatu hirian: “Ekonomia zirkularraren bilakaera da, bertako biztanleen oinarrizko beharrak moduz zuzen eta berdinzalean asetzea helburu”.
Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde alderdietako hautagai izango da Lasa, baina oraindik ez dute koalizioa zehaztu, “beste alderdiren bat” batu daitekeelakoan. Zerrenda argitu ez badute ere, badute leloa, oraingoz gaztelera hutsean ageri den Alda dezagun markoa.